Ostegun honetan, 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazan, Zirkoloretsua zirku konpainiak Pyrogenia ikuskizuna eskainiko du Gasteizen, GEU Elkarteak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan: su-malabare, argi, maskara eta efektu piroteknikoekin abenduko arratsalde hotza piztuko dute.
Oraindik Euskaraldian murgilduta gauden honetan, GEU Elkarteak urteroko hitzordua mantendu nahi izan du abenduaren 3an; eta, aurten, Gasteizko Euskaraldia, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioarekin batera antolatu du emanaldia.
Kultura segurua bermatzeko asmoz, ikuskizuna kalean izango da, baina edukiera kontrolatuko du GEU Elkarteak. Horretarako, lurrean laukiak markatuko dira, eta lauki bakoitzean sei pertsona gehienez sartu ahal izango dira. Laukien artean distantzia mantentze aldera, 30 lauki inguru banatuko dira plazaren goiko aldean.
Webgunearen bitartez martxan jarritako izen-ematea ostiralean itxi behar izan zuen elkarteak, 24 ordu baino gutxiagoan leku guztiak agortu zirelako.
Mintz(A)dromoa bezperan
Euskararen Eguneko ekimenak bezperan hasiko dira. Izan ere, abenduaren 2an Mintz(A)dromoa antolatu du GEU Elkarteak, Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteizko Euskaraldia eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean. 18:30etik 19:30era izango da, Oihaneder Euskararen Etxean.
Mintzodromo horren helburuak euskal hiztun gehiago ezagutzea eta modu dinamiko eta dibertigarri batean euskara praktikatzea dira. Mahaietan banatuta, parte hartzaileek emandako gaiei buruz aritu beharko dira denbora tarte zehatz batean. Saioa dinamikoagoa izateko, erronka bat, sariak eta zozketak ere izango dira.
Parte hartzea doakoa da, baina izen ematea beharrezkoa izango da; horretarako aukera oraindik zabalik dago GEU Elkartearen web gunean.