Modus Operandik 'Dantza gaitezen hil arte' disko berria kaleratu du

Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 13:41
Modus Operandi taldeko kideak Jimmy Jazz aretoan, disko berriaren aurkezpenean. / ALEA

Ska-rock binomiotik harago joan nahi du Modus Operandi taldeak aurkeztu berri duen Dantza gaitezen hil arte bere bigarren diskoarekin. 10 kantuz osatutako lan dantzagarri honetarako hiru musikari berri fitxatu dituzte.

Astearte honetan, Modus Operandi taldeak Dantza gaitezen hil arte izeneko disko berria aurkeztu du Jimmy Jazz aretoan egindako prentsaurrekoan; agerraldia aurrez aurre eta osasun protokolo guztiak kontuan hartuta egiteaz gain, streaming bidez zuzenean ere eskaini dute.

Bere bigarren lana den disko berri honetan, Modus Operandi taldeak musika erritmo berriak jorratu ditu Baga Biga ekoiztetxearen eskutik, eta "maila handiagoa" lortu nahi izan dute horrela. Ska-rock binomioa apurtzea erabaki dute, hamaika erritmo bizigarriekin atontzeko: funk, punk, saltsa, rap, reggaetoia, dance, pop, tex-mex eta latin doinuak arakatu dituzte, besteak beste. Taldekideen hitzetan, "maitasuna amodioaren garrantziarekin eta borroka batzen dituzten hitzak" nagusi dira lan berrian.

 

Gainera, Iñaki Ortiz de Villalba frontmanarekin eta orain arteko bandarekin batera, hiru musikari berri fitxatu ditu Betagarriko abeslari ohiak Andoni Matxainekin 2018an sortutako proiektu berriak: Luz de Putas taldean aritutako Diego Martinez, Sen taldeko Joseba San Sebastian, eta, hirugarrenik, Iseo, Tximeleta eta Txarrena bezalako taldeetan ibilitako Josu Erbiti, musika ekoizle eta soinu teknikari gisa.

Horrez gain, La Furia, Bad Sound System taldeko Moro eta Karmele Jaioren kolaborazioak izan dira lan berria osatzeko. Honela laburbildu dute disko berrian topatuko duguna: "Modus Operandi taldeak esan dezake ez dela amodiorik gabeko bizitzarik, ez dela borrokarik gabeko bizitzarik, ez dela dantzarik gabeko bizitzarik".

2019an 45 kontzertu inguru eskaini ostean, 2020ko martxoan pandemia iritsi zen, eta, azaldu dutenez, horrek eragin nabarmena izan du disko berriaren ekoizpen lanetan. Hala ere, ezohiko egoerari aurre egin eta sormenari eutsi diote. Eta eskainiko duten lehen kontzertuaren data plazaratu dute: urtarrilaren 15ean izango da, Bilboko Santana 27 aretoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide