Gasteizko iturri bat gorriz tintatu dute hiesaren aurkako borroka aldarrikatzeko

Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 12:30

Horrela esnatu da Simon Bolivar plazako iturria. / ALEA

Simon Bolivar plazako iturria gorriz tintatu dute, Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. ALEAren bitartez aldarrikatu dute ekintza sinbolikoa: "Konfinamendua ez da berria bizitza osoa konfinatuta daramaten sexu disidentzientzat".

Anonimotasuna gorde nahi izan duen pertsona talde batek ekintza sinboliko bat egin du astearte honetan, abenduaren 1ean, Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunean: Gasteizko Arana auzoko Simon Bolivar plazako iturria gorriz tintatu dute, eta ohar bat helarazi diote ALEAri, pandemia garaian ere hiesaren kontrako borrokaren ondarea eta beharra aldarrikatzeko.

"Covid-19aren garaiak ez dira hiesaren aurka borrokan jarraitzeko garairik onenak", deitoratu dute plazaratutako oharrean. "Sexu, gorputz eta genero disidenteek asko dakigu pandemiei buruz. GIB-hiesaren pandemiak kutsakor sentiarazi gintuen, zaurgarri, beldurrez. Covid-19aren pandemiak berriro gogorarazi digu gaixotasunak beti gorpuzten direla sektore behartsuenetan". Ekintzaren atzean dagoen taldeak ohartarazi du desberdinkeria, arrazakeria eta matxismoa "askoz ere gehiago zabaltzen direla pandemiaz, krisiaz hitz egiten denean".

GIB-hiesaren pandemiari dagokionez, halaber, salatu dute LGTBI+ komunitateak "isiltasunik handiena besterik ez" duela izan: "Gure komunitatea hiltzen utzi zen; estigmatizatu ere egin gintuzten, eta perbertitu eta desbideratu gisa seinalatu".

"Konfinamendua ez da berria bizitza osoa konfinatuta, bazterretan, iluntasunean eta izuan izan diren sexu disidentzientzat", gogorarazi dute. "Orain, denok infekziosoak garen honetan, batzuek oraindik ere ahulagoak izaten jarraitzen dugu". Testuinguru horretan, "familia" eta "etxea" bezalako eremuak "biziraupena bermatzen ez duten normaltasun-eremuak" direla uste dute.

"Denok ez dugu lekurik normaltasun berrian, eta ez gaude prest normaltasun berri bat onartzeko, non gure gorputzak, gure nortasunak eta harremanak epaitzen, ikusezin bihurtzen eta bortxatzen jarraituko diren. GIBaren pandemian bezala, gorputz asko bereziki zaurgarriak dira oraindik ere, eta identitate asko bereziki prekarizatuak dira, estatu zisheterosexista, arrazista, kapazitista eta patriarkal baten logiketatik kanpo geratuz".

Azkenik, gorriz tintatutako iturriaren esanahi sinbolikoa azaldu dute: "Bizitza ukatzen badigute, ahotsa isiltzen badigute, isiltasuna hautsiko dugu gure odolaren kolore gorriarekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago