GazteFilm Fest zine jaialdiak 2.000 ikusletik gora bildu ditu

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 17:56
'Los lobos' (2019) lanak irabazi du gazteen film luze onenaren saria. / VITAL FUNDAZIOA

GazteFilm Fest jaialdiaren IV. edizioak irabazleak aurkeztu eta 2.000 ikusle baino gehiago bildu ditu Gasteizen. Orain, jaialdiaren bertsio ibiltariak Araba zeharkatuko du, eta abenduaren 4tik 11ra Filmin plataforman izango da ikusgai.

Igande honetan, azaroaren 29an, Gasteizko haur eta gazteentzako GazteFilm Fest zine jaialdiaren aurrez aurreko formatuaren laugarren edizioa amaitu da. Zinhezba eta KalakaLab kultur elkarteen zein Vital Fundazioaren eskutik, 2.000 lagun baino gehiago bildu ditu aurtengo jaialdiak; horietatik, 1.300 inguru hainbat ikastetxetako ikasleak dira.

Gazte zinemaldiaren itxiera ekitaldian, 2020ko edizioko irabazleak aurkeztu zituzten; ikusleek eurek bozkatzen dituzte, haur eta gazteek:

  • Haurrentzako film luze onena: Fritzi, un cuento revolucionario, Ralf Kukula.
  • Haurrentzako film labur onena: He, Katarzyna Radecka
  • Haurrek egindako film labur onena: Camina conmigo, Valentziako Serreria Eskola Publikoko ikasleak.
  • Gazteen film luze onena: Los lobos, Samuel Kishi.
  • Gazteen film labur onena: Ayam, Sofia El Khyari.

Aurtengo edizioan, Arabako 10 ikastetxek parte hartu dute publiko gisa, bai online bai aurrez aurre. Gainera, 20 jarduera baino gehiago antolatu dira Gasteizko hainbat lekutan, hala nola Vital Fundazioa Kulturunean, Montehermoson, Zabalgana gizarte etxean, Artium Museoan, Monstrenka aretoan edo SAMAren El Cinecito aretoan.

Jaialdi ibiltaria eta Filmin

Eskaintza ez da Gasteizen amaituko: hiriburuko aurkezpenaren ostean, GazteFilm Fest jaialdi ibiltaria bidaiatzen hasiko da orain. Izan ere, abenduan eta urtarrilean Arabako hainbat herritara hurbilduko da zine jaialdia, programazioa ikastetxeetan eta plazetan eskainiz.

Abenduaren 4tik 11ra, gainera, programazioa bere Filmin kanalean ikusi ahal izango da. Zehazki, aurrez aurreko formatuan Gasteizen ikusgai izan diren film luze zein laburren %90 online plataforma horretan egongo dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide