AnHitzak 2020

"Zeinu hizkuntza ez da atzerriko hizkuntza bat; maila berean egon behar da"

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 10:23

Urriaren 31n, zeinu hizkuntzara hurbildu zen AnHitzak topaketen hirugarren saioa. Gogorarazi dutenez, zeinu hizkuntza ez da atzerriko hizkuntza bat, eta "euskararen zein gaztelaniaren maila berean" egon behar da.

Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketen hirugarren saioa urriaren 31n izan zen. Arabako Gorrak elkartearen laguntzaz, Anhitzak zeinu hizkuntzara hurbildu zen. Cristinak, Alejandrok eta Ainhoak laburbildu dute AnHitzak topaketen hirugarren saioa.

Azaldu dutenez, guztira, zeinu hizkuntzaren 400 erabiltzaile inguru daude Gasteizen. "Ez dugu ahaztu behar zeinu hizkuntza ez dela atzerriko hizkuntza bat, eta, hortaz, hirian euskararen eta gaztelaniaren maila berean egon behar du", aldarrikatu dute Arabako Gorrak elkarteko lagunek. Horrez gain, historian zeharreko pertsona gorren "elkartegintza, borroka eta aldarrikapenak" bizirik mantentzeko beharra azpimarratu dute.

Azkenik, pertsona gorrek euskara ikasi ahal izateko, irisgarritasuna %100ean bermatu behar dela, eta, besteak beste, interpreteak jartzea eta azterketa zein frogak egokitzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute.

Covid-19aren ondorioz neurri berriak ezarri ondoren egindako lehen saioa izan zen: sei lagun batu ziren; lau emakume eta bi gizon. Ezohiko egoera dela eta, saioa oso berezia izan zen. Solaskideak oso berritsu egon ziren, beren arteko konplizitate handiz, begiradak, hitz txandak eta irribarreak bizi trukatuz.

AnHitzak, hizkuntza eta aniztasuna

2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.

Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpenak bideoz jasoko dira, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago