Lan-jazarpenaren udal protokoloa berrikustea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko aza. 27a, 12:22
Atarian jasotako gertakaria salatu du EH Bilduk. ALEA

Txakurtegian eta Atarian salatutako gertaeren ondorioz, taldeak eskatu du berdintasun eta giza baliabideen arloetako arduradun politikoen agerraldia.

Gasteizko EH Bilduko udal taldearen esanetan, agerian geratu da Udalak lan jazarpenari edo sexu jazarpenari aurre egiteko dituen protokoloek edo horien ezarpenak "huts egin dutela" azken hilabeteetan gertatu diren bi salaketetan.

Alde batetik, duela urte eta erdi, txakurtegiko zenbait boluntariok espazio horretako langile baten aurka jarritako salaketa dago. "Une hartan, Udalak ez zien sinetsi salaketa jarri zuten emakumeei, eta, beraz, ez zuen hasieratik jardun. Hau onartezina da", esan du Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak. 

Beste alde batetik, aste honetan bertan emakume batek, Atarian lan egiten zuenak, sexuagatiko jazarpena eta osasunaren babesgabetasuna salatu ditu. "Hala ere, Udalak beste alde batera begiratu du, berriz ere ez dio sinetsi emakume horri, eta jazarpen-protokoloa ere ez du martxan jarri. Eta horregatik gaude gaur hemen, horrelako kasuak errepika ez daitezen beharrezko tresnak jarri nahi ditugula esateko", adierazi du Lopez de Aberasturik.

Hortaz, protokoloak berrikustea eskatu du EH Bilduk, eta era berean, berdintasun zinegotziaren eta giza baliabideetako zinegotziaren agerraldia eskatuko du, "zerk huts egin duen jakiteko, argitzeko eta erantzukizunak har ditzaten eskatzeko, eta hori berriro gerta ez dadin hartu beharko genituzkeen neurriak identifikatzeko".

Salaketa epaitegietan

Asteazkenean bertan jakin da Atarian lan egiten zuen emakume baten salaketa epaitegietara eraman duela LAB sindikatuak. "Haurdunaldian langilearen osasuna babestu ez dutelako eta jazarpen sexistaren protokoloa ez delako ezarri".

Salaketaren arabera, langileak adierazitako kexa "gutxietsi, infantilizatu eta minimizatu" da. Gainera, sindikatuak dio osasunari modu larrian eragin dioten era guztietako presioak jasan dituela emakumezkoak. "Legez beharrezkoa den haurdunaldiko arriskuak ebaluatzeko eskaera egitea baztertu egin da eta ez da kontuan hartu berandu izan arte. Langileak erditu aurreko fetu-heriotza izan zuen, eta bere lanpostuan zegoenean utzi zion fetuaren seinaleak sentitzeari; baina Udalarentzat ez zen osasunaren zaintzarekin arazorik egon". Egoera horren aurrean Udalak jazarpen-protokoloa ez aktibatzea erabaki zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide