"Ez gaitezen izan kolonizazioaren konplize, Palestinarekin elkartasuna!" izango da lau mobilizazioen lelo bateratua, CAF, jaitsi zaitez Israelen Apartheidaren trenetik kanpainaren barruan. Gasteizen, 12:30ean Bilbo plazatik abiatuko da manifestazioa.
Ibilbide luzea du Israeli boikota, desinbertsioa eta zigorrak ezartzea aldarrikatzen duen BDZ mugimenduaren kanpaina horrek. Izan ere, CAF enpresa gipuzkoarra Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan murgilduta dago. Proiektu horren bitartez, Palestinako lurralde okupatuetan ezarritako legez kanpoko koloniak Jerusalemgo hirigunearekin lotu nahi ditu Israelek.
CAF: Tranbia honi kolonia kiratsa dario
Itzal handiko pertsonen testigantzetatik abiatuta, CAF enpresak Jerusalemgo tranbia eraikitzeko lortutako esleipena du ardatz Gasteizko BDZ taldeak eta Hala Bedik, elkarlanean, 2020ko otsailean aurkeztutako dokumentalak. Hiru galderari erantzuten die ikus-entzunezko lanak: Zergatik da ilegala Jerusalemgo tranbiaren proiektua? Nola eragingo die palestinarren bizi baldintzei? Nola eragingo lieke, aurrera aterako balitz, CAF enpresari eta hango langileei?
CAF, kolonizazioaren konplize
Azaroaren 28ko mobilizazioen atarian, Euskal Herriko BDZ mugimenduak plazaratu duen manifestuan gogorarazi dutenez, herri palestinarrak 70 urte baino gehiago daramatza Israelgo Estatuaren sorrerari eta sionismoari aurre egiten. "Estatu hau okupazio militarraren politikan, kolonizazioan, apartheidean eta garbiketa etnikoan oinarritua dago", salatu dute.
Israel sortu zenetik, lurrak okupatzen eta anexionatzen joan da, eta herri palestinarra etengabe erasotu, zapaldu, diskriminatu eta zigortu du, mugimendua murrizteaz gain. Ohartarazi dutenez, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen aurkako urraketa ugari ere egin ditu Israelek.
"Potentzia handien eta enpresa multinazionalen konplizitate eta laguntzarik gabe, erregimen hori ezingo litzateke mantendu eta herri palestinarraren eskubideen urraketak ere ez lirateke posible izango, eta Euskal Herrian beti egon da herri palestinarraren borrokarekiko hurbiltasuna eta elkartasuna". Hala ere, sionismoarekin "konplizitatea" erakusten dutenak ere asko direla azaldu du BDZ mugimenduak: "Erakunde, kultura, kirol edo merkataritza mailan, CAF enpresaren kasuan bezala".
Izan ere, Israelgo Finantza Ministerioak CAF enpresa aukeratu zuen 2019ko abuztuan, Shapir eraikuntza-enpresarekin batera, Jerusalemgo tren sarea hedatzeko obren esleipena egin zuenean. 1.800 milioi dolarreko kontratua da, eta Jerusalemgo Tren Arina (JTA) deitutako proiektuaren lanak martxan dira dagoeneko.
Sare horrek Jerusalem eta Israelek Palestinako lurralde okupatuan ezarritako koloniak lotuko ditu. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, kokagune horiek legez kanpokoak dira. Hala berretsi dute Nazio Batuen hainbat ebazpenek, eta baita nazioarteko giza eskubideen aldeko hainbat erakundek ere. Gainera, kokaguneak gerra krimen gisa identifikatu ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuak.
Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra (BDZ)
Egoera horren aurrean, herri palestinarrak 2005eko Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) kanpainaren deialdia berretsi du, eta Palestinari elkartasuna "aktiboki" emateko dei egin du Euskal Herriko BDZ mugimenduak. "2005ean, Frantziako Veolia enpresak tranbiaren legez kanpoko proiektu beretik alde egin zuen. Honek, milaka milioi galdu zituen nazioarteko negozioetan BDZren kanpaina baten ondorioz", gogorarazi dute.
"Orain, inoiz baino gehiago, Herri Palestinarraren aldeko elkartasun jarrera argia eta eraginkorra hartzea ezinbestekoa da, eta euskal erakunde zein eragileei, hala nola CAF enpresari, Israelen kolonizazioaren konplize izateari uzteko exijitu behar diogu", adierazi dute. "Palestina ez baitago bakarrik eta sionismoaren konplize ez den Euskal Herria nahi dugu; hori da historiaren alde zuzena".