Hastear da Aitzina Folk jaialdi solidarioaren VIII. edizioa

Erredakzioa 2020ko aza. 26a, 11:52
Bere azken diskoa Xabier Amurizarekin lankidetzan sortu du Korrontzik. / AITZINA FOLK

Hiriko zenbait lekutan eta Interneten egingo da Aitzina Folk ekimen solidarioaren VIII. edizioa. Azaroaren 27tik urtarrilaren 2ra bitartean, hamar jarduera baino gehiago eta Oreka TX zein Korrontzi taldeak, besteak beste, izango dira oholtza gainean.

Pandemiaren erdian jarraitzen dugun arren, azaroaren 27tik urtarrilaren 2ra bitartean Gasteizera itzuliko da Aitzina Folk jaialdi solidarioa, bere zortzigarren edizioa ospatzeko. Hiriko zenbait lekutan eta Interneten eskainiko diren hamar jarduera baino gehiago biltzen ditu egitarauak.

Oreka TX eta Korrontzi taldeak dira kartel-buruak, eta kontzertu bana emango dute, Mendizorrotzeko kiroldegian eta Principal Antzokian, hurrenez hurren. Bi talde horiekin batera, euskal folk musikaren beste erreferente batzuek bat egin dute Aitzina Folk jaialdiarekin: KHAMI, Sarrabete, Iñaki Plaza eta Turukutupa. Eta, horiez gain, La Musgaña (Vanesa Muelarekin), Mielotxin eta Garadice ere izango dira.

Kontzertu guztiak aurrez aurre ikusteko aukera egongo da, betiere aretoen edukiera unean uneko araudiaren arabera mugatuta. Gainera, jende gehiagorengana iristeko asmoz, sarreren prezioa jaitsi egin da. Gainera, ekitaldi gehienak streaming bidez ere ikusi ahal izango dira.

Halaber, dantza lantegiak, hitzaldiak, familia giroko kontzertuak ere izango dira; hori gutxi balitz, internet bidez, Musika Tradizionaleko eta Folk Musikako Eskolen V. Topaketa hartuko du jaialdiak.

Programa

Ataxia telangiektasia ikertzeko

Aitzina Folk jaialdiaren diru-bilketa oinarrizkoa da Nafarroako Unibertsitateko Klinikan egiten den ikerketa-proiektu bat finantzatzeko. Proiektuak ataxia telangiektasiarako tratamendua bilatzen du eta 150.000 euro balio ditu.

Ataxia telangiektasia gaur egun sendabiderik ez duen gaixotasun genetiko eta neurodegeneratiboa da. Gaixotasun honek kaltetutako bi pertsona daude Euskal Herrian. Espainako estatu osoan, 30 haur eta gazte inguru.

Sarreren salmentarekin eta zero errenkadarekin lortutako irabazi guztiak kaltetutako familiak biltzen dituen AEFAT elkarteak finantzatzen duen terapia genikoko ikerketa proiektu hori finantzatzeko erabiliko dira.

2010ean sortu zen jaialdia antolatzen duen Aitzina Lan Taldea, Euskal Herriko gaixoei eta haien familiei tokiko ikuspegitik laguntzeko. Halaber, 2009tik Espainia mailan kaltetuak biltzen dituen AEFAT erakundearen parte da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide