Gabonak 2020

Olentzero eta Mari Domingi Mendizorrotzean elkartuko dira haurrekin

Erredakzioa 2020ko aza. 25a, 13:57
Gabonetan, Olentzerok eta Mari Domingik ez dute huts egingo. / GASTEIZKO UDALA

Aurtengo Gabonetan, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Mendizorrotzeko kiroldegian elkartuko dira Gasteizko haurrekin. Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik erreserba egin beharko da. 

Osasun egoera dela eta, 2020ko Gabonetan ez da desfilerik egingo espazio publikoan. Beraz, Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak beste aukera bat prestatu du Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak urtero bezala Gasteizera irits daitezen. Egungo araudiak onartzen duen haur kopuru handienarekin eta leku seguru batean elkartzerik izan dezaten bilatu du Udalak.

Erabakia asteazken honetan iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Eguberrietako kultur programazioa aurkezteko prentsaurrekoan.

Segurtasun neurriak eta protokolo berezia ezarriko dira Mendizorrotzeko kiroldegian egingo diren ikuskizun guztietarako. Besteak beste, haur bakoitzeko pertsona bakarra sartu ahal izango da, ahalik eta haur gehienek bertaratzeko aukera izan dezaten; are gehiago, haur bat baino gehiago eramatea gomendatu du Kultura Zerbitzuak. Gainera, pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera erosi edo bost gonbidapen erreserbatu ahal izango ditu; eta emanaldi bakarrera joateko aukera izango du.

Horretarako, sarrerak eta gonbidapenak izendunak dira, ez daude zenbakituta, eta nahitaezkoa izango da eramatea, adina edozein dela ere. Eserlekuak banakakoak izango dira, eta sarrerak ematean esleituko dira; ezingo dira aulkiak dauden lekutik mugitu.

Olentzero eta Mari Domingi

Abenduaren 23an eta 24an, Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi ikuskizuna izango da Mendizorrotzeko kiroldegian. Bi egun horietako bakoitzean, 30 minutuko lau emanaldi egingo dira; saio bakoitzaren edukiera 400 lagunekoa izango da. Ezohiko hitzordu horietan ez dira faltako musika, dantzak, abestiak eta ilusioa. Besteak beste, Folklore Akademiak eta Udalaren erraldoien konpartsak hartuko dute parte.

Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbidapenak abenduaren 17ko 9:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira Udalaren webgunean edo telefonoz, 945 16 16 18 zenbakian; astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

Gainera, abenduaren 24ko 18:00etako emanaldia, azkena, streaming bidez eskainiko dute zuzenean, Udalaren webgunean, eta ikusgai izango da Eguberrietan zehar.

Aurten, Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiaren lorategian jarriko da, jendearentzako espazioa zabalagoa izateko. Senda Ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren Ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da. Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Abenduaren 4an 16:00etan inauguratuko da, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.

Errege Magoak

Errege Magoak ere iritsiko dira Gasteizera. Gaspar, Melchor eta Baltasarrek urtarrilaren 4an eta 5ean hartuko dituzte Gasteizko haurrak Mendizorrotzeko kiroldegian. Ya vienen los Reyes Magos ikuskizuna 30 minutuko sei emanalditan eskainiko da; kasu honetan ere, 400 pertsonarentzako edukierarekin.

Sarrera ere doakoa izango da, eta, honetan ere, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbidapenak abenduaren 28ko 9:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira Udalaren webgunean edo 945 16 16 18 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara.

Urtarrilaren 5eko 18:00etako saioa streaming bidez ikusi ahal izango da zuzenean Udalaren webgunean, eta ikusgai izango da hurrengo egunetan ere.

Haurrentzako ikuskizunak

Halaber, abenduaren 26tik 30era, haurrentzako ikuskizunen XVII. erakustaldia izango da Mendizorrotzeko kiroldegian. Gainera, aurten handitu egin da programa, eta bost ikuskizunen 10 emanaldi izango dira:

  • Abenduaren 26an, Txiki Rock ikuskizunak abiaraziko du programa; euskaraz izango da eta txikienak euskal rockean murgiltzen hasteko aukera paregabea da. Bi emanaldi izango dira, 16:30ean eta 19:30ean.
  • Abenduaren 27an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lana, Amaren intxaurrak, eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean.
  • Abenduaren 28an, haurrentzako El lago de los cisnes opera eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean; gaztelaniaz.
  • Abenduaren 29an, berriz, Kantu kolore zuzeneko musika, koreografia, umorea eta energia, txiki eta helduentzat; 12:00etan eta 18:30ean.
  • Azkenik, abenduaren 30ean, Naviland, el musical. El lugar donde viven los Reyes Magos programa izango da, 12:00etan eta 18:30ean; gaztelaniaz.

Haurrentzako ikuskizunen erakustaldiko sarreren prezioa 5 eurokoa izango da, eta abenduaren 9ko 9:00etatik aurrera erosi ahal izango dira. Kasu honetan ere, Udalaren webgunearen bidez edo 945 16 16 18 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara.

Abesbatzen kontzertuak

Gasteizko Eguberrietako programan ohikoak izaten dira abesbatzak, eta aurtengoan ere izango dira, baina beste modu batera antolatuta. Gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan egingo dira, abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra bitartean. Zortzi kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta gonbidapenak abenduaren 5etik aurrera erreserbatu ahal izango dira, gizarte etxeetan edo Udalaren webgunean.

  • Nurat: abenduaren 19an, Aldabeko gizarte etxean.
  • Urkanta: abenduaren 20an, Salburuko gizarte etxean.
  • Urkanta: abenduaren 21ean, Ariznabarreko gizarte etxean.
  • Mairu: abenduaren 22an, Salburuko gizarte etxean.
  • Tantak: abenduaren 23an, Zabalganeko gizarte etxean.
  • Samaniego: abenduaren 26an, Arriagako gizarte etxean.
  • Mairu: abenduaren 30ean, Araneko gizarte etxean.
  • Ausartak: urtarrilaren 3an, Arriagako gizarte etxean.

Jaiotza monumentala

Floridako jaiotza monumentala abenduaren 4an inauguratuko da, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 21:00etara. Segurtasun neurriak gordetzeko, jaiotzaren barruko bideek nahitaezko noranzko bakarra izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko. Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide