Udaltzaingoak 122 adingabe salatu ditu Ibaiondon, segurtasun neurriak urratzeagatik

Erredakzioa 2020ko aza. 23a, 15:42
Gasteizko Ibaiondo auzoko Katalunia plaza. / MAPIO

Asteburu honetan, Gasteizko Udaltzaingoak 122 adingabe salatu ditu Ibaiondo auzoan, Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik.

Gasteizko Udalak jakitera eman duenez, maskararik gabe ibiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik, segurtasun distantzia ez betetzeagatik edo gizarte topaketetan baimendutako pertsona kopurua gainditzeagatik 122 adingabe identifikatu eta salatu dituzte asteburu honetan, Ibaiondo auzoan izandako gazteen pilaketetan.

Udaltzaingoaren isun proposamenak Eusko Jaurlaritzaren esku daude orain, eta azken hori arduratuko da zigorrak tramitatzeaz. Gainera, salaketak aurkezteaz gain, adin txikikoen familiekin eta tutoreekin harremanetan jarriko da Udaltzaingoa, gertakarien berri izan dezaten.

"Osasun neurriak hausten dituzten gazteen kontzentrazioak" saihesteko prebentzio eta zaintza dispositibo bereziak ezarri ditu Udaltzaingoak Ibaiondon, bizilagunen kexa ugariren ostean. Polemika hedabideetara iritsi da asteburu honetan, baina arazoa azken asteetan behin eta berriro errepikatu da.

Pandemiaren erdian eta alarma egoeraren testuinguruan ezarritako neurri murriztaileak direla eta, nerabeentzako aisialdirako alternatibak hutsaren hurrengoak dira, eta harremandu nahi duten nerabeen pilaketak gertatzen ari dira, besteak beste, Ibaiondon; askotan, osasun neurriak errespetatu gabe.

Gainera, zenbait hedabidek borrokaldiak antolatzeko ustezko kedadak aipatu dituzte egunotan; dena den, ez dago oso argi zenbateraino egia diren albiste horietan aipatutakoak.

Gorka Urtaran alkateak berak gertakariak kritikatu ditu sare sozialetan egindako adierazpenetan: "Oso kezkatuta azken egun hauetan Zumaia plazan eta inguruan gertatzen ari denarekin. Nerabeak eta beren gurasoak egungo egoeraz jabetzeko gai ez badira, neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu gure osasuna arriskuan jartzen duten kontzentrazioak saihesteko", adierazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide