Auzokideek Iturritxuko hirugarren erreiaren aurkako jarrera berretsi dute

Erredakzioa 2020ko aza. 20a, 11:20
Iturritxu kalean abiadura 30 kilometro ordura mugatuko dute. GOOGLE MAPS

Proposamen zehatzak helaraziko dizkiote Udalari.

Iturritxun 3 Ez plataformak ohar berria kaleratu du. Jakinarazi du auzoguneko ordezkari eta plataformako kideak deituta, Hegoalde-Ariznabarreko aparteko auzogune monografikoa egin dutela Iturritxun ezarritako hirugarren erreiari buruz.

Bertan agerian geratu zen, Iturritxuko auzotarrak ez ezik, ondorengo eta inguruko kaleetakoak ere (Zumabide kalekoak eta Aretxabaleta-Gardelegikoak) osasunarekin, segurtasunarekin eta mugikortasunarekin lotutako arazoak pairatzen ari direla hirugarren erreia jarri zenetik.

Auzotarrek beren iritziak eta kezkak azaldu ostean, Iturritxun 3 Ez plataformako kideek testu bat irakurri zuten, auzotarrek bozkatzeko. Udalari ezarritako neurriek eragindako arazoen berri ematea da helburua, eta zenbait proposamen zehatz ere egitea: batetik, Iturritxu kaleko hirugarren erreia kentzea; bigarrenik, kale horretan abiadura 30 kilometro ordura mugatzea, eta, azkenik, neurri orokorrak hartzea hirian trafikoa mantsotzeko eta autoen erabilera murrizteko. Aldeko 32 boto eta hiru abstentzio jaso zituen agiria Udalari bidaliko dio plataformak. 

Iturritxun 30 kilometro orduko

Mugikortasun Saileko zinegotzi Raimundo Ruiz Escuderok egindako iragarpenaren harira, plataformak aipatu du neurria "positiboa" bada ere, "zuhurtziaz" hartu beharra dagoela: "Izan ere, hirian badira 30 kilometroko orduko abiadura-muga duten hainbat eta hainbat kale, baina ez daude behar bezala seinaleztaturik, eta muga hori, askotan, ez da errespetatzen". Horren harira, gaineratu du neurri hori "abiapuntu egokia" dela Iturritxu kaleak auzotarrek nahi duten "auzo-kalea izaten jarrai dezan", baina ohartarazi du, "lan handia" dagoela oraindik egiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide