Sans Soleil argitaletxeak abiatuko du 'Paperetik hitzera', Artiumen ziklo berria

'Los Gatos de Steinlen' liburua editatu berri du argitaletxe arabarrak. / SANS SOLEIL

Paperetik hitzera Artium Museoaren programa berriak artearen eta argitaletxeen arteko trukeak ditu oinarri. Lehenengo saioan, liburu arraro eta aurki ezinetan espezializatutako Sans Soileil kooperatibaren argitalpen proiektua aurkeztuko da.

Asteazken honetan, azaroaren 18an, Sans Soleil Ediciones argitaletxe arabarrak irekiko du Paperetik hitzera ziklo berria Artiumen. Izan ere, museoak liburuak eta argitalpen proiektuak aurkezteko programa berria abiatu du, artista, idazle, diseinatzaile, historialari, kritikari eta komisarioen eskutik.

Lehenengo saio honetan, 2013tik "jende jakin-nahiarentzat liburu bitxiak" sortzen dituen Sans Soleil argitaletxe kooperatiboko arduradunek hitzaldia eskainiko dute Artiumeko emanaldi aretoan, 19:00etan; sarrera doakoa da, baina edukiera mugatua izango da.

Bestalde, Gema Intxausti artistak eta Mariano Mayer poeta eta komisarioak urrian eta abenduan parte hartu behar zuten zikloan, baina osasun egoerak eragindako mugikortasun-murrizketak direla eta, bisita atzeratu egin behar izan dute. Hitzaldi horien data berriak laster iragarriko ditu Artiumek.

Artium Museoak antolatutako ziklo berria artearen esparruaren eta argitaletxeen artean gertatzen diren etengabeko trukeen inguruko hausnarketa egiteko proposamena da. Azaldu dutenez, gurutzaketa horietako pasarte nabarmenak izan dira XX. mendeko Artearen historian: Marcel Duchampen La boîte verte (1934) proiektua, adibidez, Le grand verre obra egiteko 93 lan-ohar, argazki eta dokumentu dituen kutxa txiki bat da; artistak berak galdera enigmatiko bat egin zuen: "Egin al daiteke artea ez den obrarik?".

Bitxikerien funts editoriala

Zikloaren antolatzaileen ustez, Sans Soleil Ediciones argitaletxea bera gisa horretako trukeen hurbileko adibidea da. "Kooperatiba gisa sortu eta gure ahalmenen gainetik argitaratuz, zazpi urtean liburu bitxien, aurkitu ezinen eta ahanzturatik berreskuratutako bitxikerien funts editoriala sortu dute", nabarmendu du Artium Museoak.

Estibalizen duten egoitzatik, mundu garaikideko kultura bisual konplexua aztertzeko tresnak proposatzen dituzte. Sans Soleil argitaletxearen azken argitalpenen artean daude, adibidez, Katsushika Hokusai (1760-1849) japoniar artista ospetsuaren Manual de dibujo abreviado; Ramon Gomez de la Sernaren Buen Humor (Madril, 1888 – Buenos Aires, 1963); edo Theophile Alexandre Steinlen litografo eta kartelgile modernistaren Los gatos de Steinlen (Lausana, 1859 – Paris, 1923).

Liburu arraro eta aurki ezinetan espezializatuta dago Sans Soleil argitaletxea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide