Gazte sortzaileak

'Oskola' musika saioa azaroaren 19an estreinatuko da

Erredakzioa 2020ko aza. 18a, 12:35

Ostegun honetan, azaroaren 19an, musika talde berriak ikusaraztea helburu duen Oskola euskarazko musika saioa estreinatuko du Urko Saenz de Buruaga gasteiztarrak. Gazte Sortzaileak bekari esker grabatu zen saioa 2019an.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako Gazte Sortzaileak bekaren laguntzaz, Urko Saenz de Buruaga gasteiztarrak 2019an sortutako musika saioa YouTube bitartez estreinatuko da ostegun honetan, 19:45ean.

Atal bakoitzean, musika talde edo bakarlari euskaldun bat izango da protagonista. Elkarrizketak dira emanaldien oinarria, eta ordu laurden inguruko solasaldietan, musikari bakoitzak bere ibilbidea, sortze prozesua eta bere musika inguratzen duten hainbat gai jorratuko ditu; jarraian, hiruna abesti joko dituzte.

Azaroaren 19an igorriko den lehenengo saioaren protagonista Beitia izango da, Gasteizko bakarlaria. Euskaraldiaren hasierarekin kointzidituko duen saio horretan, Beitia bezalako euskaldun berri baten elkarrizketa dela nabarmendu du saioaren zuzendariak, eta euskaraz sortzera nola hurbildu den entzuteko aukera izango da. Estreinaldian, ikusleek iruzkinak egin ahal izango dituzte; Beitia bera eta saioaren zuzendari Urko Saenz de Buruaga ere zuzenean izango dira, komentatzen eta galderak erantzuten.

 

Hurrengo hiru saioetan momentuz grabatuta daudenak Irune Goñi bakarlaria, Ziakhus rap abeslaria eta Red Iron Squad rock taldea izango dira. Saioaren inguruko xehetasun gehiago topatu daiteke Oskolaren Facebook eta Instagram kontuetan.

Lau atal, momentuz

Oskola musika saioa 2019an grabatu zen Zabalganeko gizarte etxean, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako Gazte Sortzaileak bekaren laguntzarekin, eta Mikel Ezkerrok argazkilaritza zuzendaria eta errealizadorea, Josu Campok kameraria, Eder Herrerosek soinu teknikaria eta Urko Saenz de Buruagak proiektuaren sustatzailea eta aurkezlea— osatutako lantaldeari esker.

Proiektuaren sortzaileak azaldu duenez, estreinatuko diren lau atal horiek jendearen interesa piztea lortzen badute, saioari jarraipena emateko asmoa du. "Mundura azaltzeko itxaroten ari den izakiaren eta aukerez beteriko mundu horren arteko hesia da oskola. Bizitzarako lehen urratsa oskol hori apurtzea da; geure burua ezagutzera emateko lehen urratsa ere ezkutatzen gaituen oskola apurtzea da", azaldu du Saenz de Buruagak.

Hain zuzen ere, horixe bera da programaren izenak adierazi nahi duena: "Musikaren munduan bere tokia aurkitzen saiatzen ari diren taldeei oskola apurtzen laguntzeko sortu da, eta ideia hori logoan ere islatzen saiatu gara: arrautza-oskol baten barnetik estaldura hori apurtuz eztanda egiten ari den hedatze-uhina".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide