FCCri 173.000 euro ordainduko dizkio Udalak eman gabeko zerbitzu batzuengatik

Erredakzioa 2020ko aza. 18a, 10:11
Udalak 1,9 milioi euro ordaintzen ditu hilero FCC enpresaren zerbitzuengatik. / EH BILDU

EH Bilduk "irregulartasunak" salatu ditu kale garbiketaren zein hondakinen garraio eta bilketaren inguruko fakturen ordainketan. Eman gabeko hainbat zerbitzurengatik 173.000 euro erreklamatzeko epea amaitu zaio Udalari.

2018an eta 2019an eman gabeko zerbitzu batzuekin lotutako lau fakturari dagokie EH Bilduren salaketa: 2018ko azaroan, 42.042,55 euro; abenduan, 52.573,82 euro; 2019ko urtarrilean, 54.523,17 euro; eta otsailean, 24.190,86 euro. Garbiketa zerbitzuengatik hilean 1,9 milioi euro baino gehiagoko lau faktura ziren; horien barruan, eman gabeko hainbat zerbitzurengatik, guztira, 173.330,40 euro fakturatu zituen FCC enpresak.

Lau hilabete horietan, eman gabeko zerbitzuen kobrantzak detektatu zituzten udal teknikariek, eta Udalak erregularizazio espediente bat aurkeztu zuen; baina, EH Bilduk azaldu duenez, epearen barruan ez erantzuteagatik, ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea iraungi da. Gasteizko Udalak ez du berariazko ebazpenik eman, eta, ondorioz, ordaindu beharko ditu FCCk aurkeztutako faktura guztiak, egin gabeko zerbitzuak barne.

Gainera, bi urteko berandutze-interesak gehitu beharko zaizkio ordainketari.

Udal kontraturik handiena

EH Bilduk gogor kritikatu du jarduera horien "jarraipen zorrotza" egin ez izana: "Kontratuaren urraketa larria izan da, eta, beste behin ere, agerian geratu da Urtaranen gobernua indartsua dela ahularekin eta ahula indartsuarekin".

Garbiketa zerbitzua birmunizipalizatzeko "beste arrazoi bat" dela uste du EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbak, "Estatuan zaborren kartela erabiltzen duten enpresen eskutik datozen arazo horiek saihesteko kudeaketa zuzenaren alde egiteko.

Kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko kontratua diru kopuru handienekoa da Gasteizko Udalean, eta hileko faktura bakoitza ia 2 milioi eurokoa da zehazki, 1.921.752,13 eurokoa. Hortaz, "ikuskatu" egin behar dela uste du EH Bilduk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide