Gasteiz konexioan

GKEek osasungintza unibertsala eta elkartasuna aldarrikatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 14:20
Gorka Aginagalde aktore gasteiztarrak aurkeztuko du ekitaldia. / G. AGINAGALDE

GKEen Koordinakundeak Lankidetzan osasunean, Gasteiz konexioan jardunaldia egingo du azaroaren 19an. Tokiko zein nazioarteko lekukotzak, antzerkia eta Kai Nakairen musika izango dira streaming bidezko saio batean.

Lankidetzan osasunean izenburupean, Gasteiz konexioan sentsibilizazio jardunaldien bosgarren edizioa antolatu du Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak ostegun honetarako, azaroaren 19rako. Ekitaldia zuzenean egingo da Gasteizko Aldabe gizarte etxetik, eta Internet bidez jarraitu ahal izango da 19:00etatik aurrera.

Jardunaldia agertoki aldakor batean egingo da, edukien arabera, eta aurkezlea Gorka Aguinagalde aktore ezaguna izango da. Gainera, opari solidarioak zozkatuko dira publikoaren artean.

 

Bosgarren edizioa

Edizio honetan, Inma Gala Tangerreko Migrazio Diozesiko ordezkariak, herrialde hartan duten egoera eta Covid-19ak eragin dituen zailtasunak azalduko ditu. Bere lekukotzak hainbat errealitate eta herritarrek bultzatutako hainbat ekimen solidario azalduko ditu.

Acción Contra el Hambre elkarteko Nigerreko herrialde zuzendari Tidiane Fallek Afrikako herrialde horretan zer beste pandemiari aurre egin behar dioten azalduko du, herritarren bizitza baldintzatzen duten gatazka armatuekin batera.

Bestalde, herritarrengandik eta antolatzeko zein lankidetzan aritzeko beharretik jaiotako bi esperientzia gasteiztar aurrez aurre izango dira, solasean: alde batetik, Erizainak Saharan elkarteko Oihane Santamariak Gasteizetik Saharara osasun materiala bidaltzeko gauzatu duten ekimenaren berri emango du; bestetik, Gasteizko Alde Zaharreko Goian hezkuntza proiektuko kide Natasha Ruedak auzoan elkar babesteko egin duten lana azalduko du.

Ikuskizunetarako tartea ere izango da: Pez Limbo konpainiak Homo Amabilis antzezlana aurkeztuko du, eta Kai Nakai abeslari gasteiztarrak emanaldi berezi bat eskainiko du; reggaetoia, euskaraz eta feminismoaren ikuspuntutik.

Jarduerak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza dauka.

Lankidetzarako garaia

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak nazioarteko lankidetzan aritzen diren Euskal Herriko 79 GKE biltzen ditu; horietako 27k presentzia dute Araban. Jardunaldien helburua gure lurraldearen eta urrutiko beste batzuen arteko konexioak erakustea da.

"Konexio horien eraginez, gure ekintzak, jokaerak eta kontsumo ohiturek ondorioak dituzte gure ingurunetik haratago. Dena lotuta dago mundu globalizatu honetan: arropa, janaria, energia, klima aldaketa, osasuna, hezkuntza, pobrezia, aberastasuna, desberdinkeriak, eskubideak, aukerak...", azaldu dute. Gainera, osasun larrialdia munduko desberdinkeriak areagotzen ari dela uste dute, eta, beraz, "pandemia global batek konponbide globalak behar dituela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide