Abian da Elikagaien Arabako Bankuaren bilketa kanpaina handia

Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 13:25
Igandera arte 100.000 euro inguru biltzea espero du Arabako Elikagaien Bankuak. / ALEA

Elikagaien Arabako Bankuaren ekimenaren zortzigarren edizioa martxan dago. Azaroaren 16tik 21era bitartean bonuak erosi ahal izango dira, eta ostiralean zein larunbatean Bilketa Kanpaina Handia egingo da zazpi supermerkatuetan.

Urtero azaroan antolatutako egitasmo horri esker, 2019an 4.700 pertsonari baino gehiagori banatu zizkieten elikagaiak; 2,2 milioi kilo elikagai banatu ziren, eta horietako 141.007 kilo arabarrek Bilketa Handian egindako ekarpenari esker izan ziren.

Orain, pandemiak markatutako ezohiko urte honetan ere, Bilketa Kanpaina Handia abiatu du Elikagaien Arabako Bankuak, Vital Fundazioaren laguntzarekin. Antolatzaileen ustez, "larrialdi soziala osasun larrialdia baino gogorragoa eta luzeagoa izango da, eta datozen 12 hilabeteetan gutxienez %35 egingo du gora elikagaien eskariak".

Alarma egoeran ezarritako osasun araudiaren ondorioz, ekimena antolatzeko modua erabat aldatu behar izan dute. Horretarako, establezimenduetako produktuen emaile tradizionala mantentzen saiatu dira, baina kopurua mugatuta. Horrekin batera, herritar guztiei elikagai bihur daitezkeen bonuak erosteko aukera emango zaie lurraldeko edozein supermerkatutan.

Aurtengo bilketa nagusia azaroaren 20an eta 21ean izango da, eta aurrez aurreko bilketa zazpi supermerkatutan baino ez da egingo:

  • Eroski: Boulevard merkataritza gunean, Kexaako Gaztelu kalean, Gasteiz hiribidean, Legutioko Atarian eta Salburuan.
  • Carrefour: Gorbeia merkataritza gunean.
  • Makro: Gamarran.

Ohi bezala, produktu ez-galkorrak bildu nahi dituzte, hala nola olioa, kakao hautsa, kontserbak begetalak eta arraina, haurrentzako elikagaiak, pixoihalak edo premia biziko bestee produktu batzuk.

Bonuen erosketa

Supermerkatuen kopuruaren murrizketa orekatzeko, elikagai bihur daitezkeen balio anitzeko bonuen erosketa sustatuko da, eta azaroaren 16tik 21era bitartean erosi ahal izango dira Gasteizko zein lurralde osoko supermerkatu kate guztietako dendetan. Dohaintzan emandako bonu guztiekin jasotakoa ez zaio eskudirutan emango Elikagaien Arabako Bankuari; izan ere, haren aldeko zifra bat izango da, erabiltzaileen beharren arabera behar dituzten produktuak edo elikagaiak erosteko.

Elikadura-kate handietakoak ez diren denda txikiek bonu propioak izango dituzte, herritarrek urtean zehar erosi ahal izango dituztenak. Gerora defizita gerta daitekeenez, defizit hori arintzeko elikagaiak erosteko dirua eman ahal izango da. Txartelaren bidezko ordainketak egin ahal izango dira Elikagaien Bankuaren webgunean, Bizum bidez (00025 kodea) edo transferentzia bidez.

Pandemia garaian, ezinbestekoa

Egitasmoaren zortzigarren edizioak Elikagaien Arabako Bankuaren despentsarako stock gehigarria lortzea du helburu, baliabideen urritasunari aurrea hartzeko eta familia askok pairatzen dituzten premiez kontzientziatzeko.

Datuei erreparatuz, soilik pandemiaren lehen hilabetean iraupen luzeko produktuen 16.384 kilo banatu zituen Elikagaien Arabako Bankuak, premiaz, 549 lagunentzat; ez zen produktu freskorik egon, ezin izan zelako eguneroko bilketa egin supermerkatuetan. Adibidez, Babesgabeen Amen kongregazioaren jantokiari 500 kilo arrautza pasteurizatu, 900 litro esne eta askotariko janariko 3.064 kilo eman zizkioten.

Hurrengo hilabeteetan, 900.000 kilo elikagai banatu dira 5.500 pertsonaren artean, astean hiru egunetako eta larrialdiko bi egunetako banaketatan.

Gaur egun, astean bitan ari dira, larrialdiak artatzen baino ez, 4.200 pertsona ingururi. Hala ere, pandemiaren ondorioz, behar handiak dituzten pertsonen kopurua handitzen ari dela ohartarazi dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide