DANIEL FERNANDEZ CONDE

"Inoiz ez bezala, koronabirusak arabarren onena atera du"

Mirian Biteri 2020ko aza. 8a, 08:00
Arabako Elikagaien Bankuko presidente Daniel Fernandez Conde, Jundizen duten pabiloian.

Arabako Elikagaien Bankuko presidenteak pandemiaren bilakaera, egungo egoera eta etorkizun laburrerako erronkak errepasatu ditu.

Koronabirusagatik asko handitu dira Arabako Elikagaien Bankuan jaso dituzten eskaerak. Elkarteko presidente Daniel Fernandez Condek azken hilabeteek utzitakoak azaldu ditu, besteak beste, datozen lerroetan.   

Zein da gaur egun Arabako Elikagaien Bankuaren egoera?

Martxoaz geroztik, nabarmen egin du gora gizarte-bazterketa egoeran dauden herritarren kopuruak. Lehen, gehienak etorkinak ziren eta Covid 19ak handitu egin du kalteberen kopuruak. Lan-ezegonkortasuna dutenak daude orain, eta baita bere negozioak itxi behar izan dituzten autonomoak edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten barruan daudenak ere. Horrez gain, ikastetxeak itxita egon direnez, ume asko jantoki gabe geratu dira hainbat hilabetez. Bestetik, familiaren laguntza faltak hainbat familiaren egoera ere zaildu egin du. 

Pandemiaren une honetan, guztira, 71.162 kilo banatu dira bi fasetan, 1.700 onuradunen artean.  

Denera, zenbat kilo elikagai banatu dituzue?

Lehen hilabetean, iraupen luzeko 16.384 kilo produktu banatu ziren premiaz, 549 lagunen artean. Bestalde, Babesgabetuen jantokiari 500 kilo arrautza pasteurizatu, 900 litro esne eta askotariko 3.064 kilo elikagai eman genizkion; ez genuen produktu freskorik eman, ezin genuelako supermerkatuetako eguneroko bilketarik egin. Hurrengo hilabeteetan, asteko hiru egunetan eta larrialdietako bi egunetan, kopurua 900.000 kilo ingurukoa izan zen, 5.500 lagunen artean banatu zena; Europatik heldu dena gehitu behar zaio kopuru horri. Pandemiaren une honetan, guztira, 71.162 kilo banatu dira bi fasetan, 1.700 onuradunen artean.  

Pertsona jakin batzuei edo erakundeei ematen dizkiezu elikagaiak? Zer behar da gehien?

Normalean, elkarteak arduratzen dira jasotzeaz eta onuradunen artean banatzeaz; 31 banaketa-elkarte dira. Era berean, 25 kontsumo-elkarte daude, beren elkarterako elikagaiak biltzeaz arduratzen direnak. Udaletako gizarte-langileek onuradun guztiak baloratzen dituzte; guztira, 5.500. Bestalde, bankuak badu beste lokal bat ere, premia larriko kasuei banaka banatzeko. Egun, lau elkartek eman dute alta, eta beste bi sarrera izapidetzen ari dira; onuradunen kopurua %20 handituko da. 

Modu solidarioagoan bizitzen ikasi behar dugun planteatzera behartzen gaitu.

Nola aurreikusten dituzue datozen hilabeteak?

Elikagaien eskaerari dagokionez, hurrengo hamabi hilabeteotan %35 handituko dela aurreikusten dugu. Koronabirusa, aldez aurretik abisatu gabe, gure bizitzetan sartzen joan da,  eta ondorio dramatikoak eragiten ari da. Modu solidarioagoan bizitzen ikasi behar dugun planteatzera behartzen gaitu. Egoera horretan, Arabako Elikagaien Bankuak elkartasun horren beharra izan du bere eguneroko lanean.

Zuen egunerokoan, lan egiteko modua aldatu behar izan duzue, ezta?

Bai. Besteak beste, elkarteak pabiloietan sartzea mugatu behar izan dugu, boluntarioen mugikortasun-mugak ezarri, txandak egin eta edukiera murriztu. Gainera, behar diren neurri guztiak aplikatzen saiatzen gara, erabat ez ixteko eta 7.000 pertsona inguru elikagai gabe ez uzteko. Horrez gain, banaketa egunak ere egokitu behar izan ditugu. 

Bestalde, arabarrek ondo erantzun al dute?

Pandemiak arabarren onena atera du, inoiz ez bezala; ahulenen kataklismo ekonomikoa arintzeko esfortzu berezia egiten ari dira. Bizi dugun larrialdi-egoera honetan, bankuak eskerrak eman nahi dizkie banaketa posible egiten duten boluntario gazte horiei eta babes-materiala eman duten erakundeei; eta baita elkartasun-kanpainei ere. Garai gogorretan, are garrantzitsuagoa da ohiko hornitzaileek (enpresek eta supermerkatuek) produktuak entregatzea, eta aipamen berezia merezi dute aparteko eskuzabaltasuna erakusten duten banaka horiek guztiek. 

Azaroaren 20an eta 21ean erantzun ona jasotzea espero dugu, datozen hilabete zailetarako elikagaiak eduki ahal izateko eta laguntzen jarraitu ahal izateko.

Datozen hilabeteotan ekitaldi bereziren bat antolatzea aurreikusi duzue? Esaterako, azaroko bilketa masiboa egingo da? 

Horretan gabiltza. Oso modu berezian egitea planteatzen ari gara, segurtasuna eta arrakasta bermatzeko. Orain arteko bilketa handiak funtsezko produktuen ekarpen azkarra eta funtsezkoa ekarri du. Baina, pandemiarekin hori aldatu egin da. Badakigu aurten oso mugatuta egongo dela eta emaitza murritzagoa izango dela. Zaila izango da 200.000 kiloko kota lortzea, aurreko urteotan bezala. Azaroaren 20an eta 21ean erantzun ona jasotzea espero dugu, datozen hilabete zailetarako elikagaiak eduki ahal izateko eta laguntzen jarraitu ahal izateko. Eta elikagaiekin ezin bada, ekarpen ekonomikoak egitea eskatuko dugu, dohaintzak jasotzeko modu berri, seguru eta eraginkorrak behar ditugu. Biltegiek oinarrizko elikagaien gabezia berrezarri behar dute.

Apalategiak hutsik geratzen ari dira, ala?

Bai, bereziki iraupen luzeko produktuetan dugu gabezia. Dohaintzekin lortutako diruarekin ari gara biltegiko apalategiak betetzen.

Interesa dutenek nola lagundu dezakete?

Elikagaiak ekartzen: supermerkatuetan egiten diren bilketa kanpainen bidez; establezimendu txikietan modu partikularrean jasotako txikiak antolatuz; zerbitzuak emanez edo diru-ekarpenak eginez, bitarteko digitalen, webgune, txartel, Bizum (00025) edo banku-kontuen bidez. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide