Izaro, Leo Bassi eta Ene Kantak Gasteizen izango dira Gabonetan

Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 13:05
Izarok 'Limones en invierno' disko berria aurkeztuko du Gasteizen, urtarrilaren 2an. / IZARO

Udalaren Antzoki Sareak 13 ikuskizun programatu ditu azaroaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean, Gabonetako denboraldirako. Gainera, XXI. Mendeko Flamenkoa eta Kontzertu Handien zikloak 2021ean izango dira.

"Ahalegin handia egin dugu programa biribil eta askotarikoa egituratzeko, Gabonetako denboraldian egin ohi dugunez. Gainera, hain berezia izaten ari den urte honetan, pandemia dela eta bertan behera utzi behar izandako ikuskizunak berreskuratu ditugu", iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, osasun egoerak berdin jarraitzen duen bitartean. Gabonetako programazioko ikuskizunen sarrerak abenduaren 1etik aurrera eskuratu ahal izango dira, leihatilan eta telefonoz; 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Internet bidezko salmenta 10:00etan hasiko da.

Programa azaroaren 29an, igandean, abiatuko da, publiko guztiei zuzendutako Manolo Alcantararen Deja Vu ikuskizunarekin. Edertasun plastiko handiko lan horretan lausotu egiten da artearen eta fantasiaren arteko muga, zirkuaren eta antzerki fisikoaren artekoa.

Abenduaren 10ean, ostegunean, Txalo Producciones konpainiaren Rita, arrastoan sartzen komedia ikusi ahal izango da; ikuskizunak Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza ditu protagonista.

Abenduaren 11n, ostiralean, bi ikuskizun izango dira. Alde batetik, Euskadiko Orkestraren abonamenduko hirugarren kontzertua, saio bikoitzean, 17:30ean eta 19:30ean; Xoxtakovitx eta Schumannen lanak joko dituzte, Robert Treviño maisu handiaren zuzendaritzapean. Egun berean, Leo Bassik Yo Mussolini show berria aurkeztuko du Felix Petite antzokian: txiste errazak, probokazioa eta hausnarketa nahasten ditu.

'Yo, Mussolini', Leo Bassik sortutako antzezlan probokatzaile eta dibertigarria. / LEO BASSI

 

Abenduaren 16an, asteazkenean, Udal Musika Bandak Beethovenen Gasteiz eskainiko du; abonamenduko hirugarren kontzertua izango da, Luis Orduñaren zuzendaritzapean.

Abenduaren 17an, ostegunean, programa bikoitza antolatu da. Lehen lana De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín da, Tentazioa antzerki konpainiarena: Iñaki Rikarte da protagonista, Fernando Bernuesek zuzendu du, eta Iñaki Salvadorrek jarri du musika. Bigarrena, Gozpuztu, Doos Colectivo taldearen eskutik; Garazi Lopez de Armentia da protagonista, dantza garaikidea eta zuzeneko musika uztartzen ditu, eta orekaren bilaketaz mintzo da.

Abenduaren 18an, ostiralean, Alvaro Tatoren Todas hieren y una mata kapa eta ezpatako komedia hartuko du Principal antzokiak; umore eta poesia ugariz zipriztinduriko bidaia, zuzeneko musikaz lagunduta.

Bestalde, Ene Kantak taldearen Liluragarriak ikuskizunaren bi saio antolatu dira familientzat, abenduaren 19an eta 20an larunbata eta igandea. Urko Oskoz eta Nerea Urbizuk haurrentzako kantu berriak aurkeztuko dituzte, musikaren bidez euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

 

Xabier Leteri omenaldia eta Aitzina Folk

Horrez gain, Antzoki Sareak omenaldia egin nahi dio Xabier Leteri, haren heriotzaren 10. urteurrenean. Horretarako, Lete oroitzeko Joxan Goikoetxeak idatzitako Hesia urraturik oratorio sinfoniko-korala eskainiko da abenduaren 26an, larunbatean, Principal antzokian; Landarbaso abesbatzak, Miren Urbietak eta Beñat Egibidek abestuko dute, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean.

Hurrengo hitzordua Aitzina Folk jaialdi solidarioarekin izango da, abenduaren 30ean, asteazkenean: Korrontzi eta Xabier Amurizaren arteko lankidetzatik sortutako Koplariak kontzertua; talde hori euskal kultura eta dantzaren enbaxadore gailenetakoa da nazioartean.

Bere azken diskoa Xabier Amurizarekin lankidetzan sortu du Korrontzik. / AITZINA FOLK

 

Urte berriari ongi etorria

Azken aldian gehien nabarmendu diren euskal abeslarietako batek irekiko du 2021 urtea: Izarok Limones en invierno diskoa aurkeztuko baitu, urtarrilaren 2an Principal antzokian.

Eguberrietako denboraldia amaitzeko, Euskal Herriko Gazte Orkestra iritsiko da Principal antzokira, urtarrilaren 3an, igandean; Beethoveni eskainitako programa monografikoa prestatu dute, haren jaiotzaren 250. urteurrenean.

Arte eszenikoen eskaintza

Beste bi ekintzak osatuko dute Gabonetako arte eszenikoen eskaintza. Alde batetik, abenduaren 16an, Eneko Gilek Atalak 2.0 sorkuntza koreografikoari buruzko laborategia eskainiko du, 19:30ean Felix Petite antzokian. Gonbidapenak abenduaren 1etik aurrera jaso ahal izango dira ohiko lekuetan.

Horrez gain, Principal Antzokia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira urtarrilaren 9an euskaraz eta urtarrilaren 10ean gaztelaniaz; 12:00etan zein 18:00etan izango dira bisitak.

2021ean, bi ziklo

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, halaber, bi ziklo ezagunen 2021erako programazioa aurreratu du: XXI. Mendeko Flamenkoa eta Kontzertu Handien Zikloa.

XXI. Mendeko Flamenkoa zikloan bost emanaldi aurreikusi dira: Pansequito, urtarrilaren 30ean; Israel Fernandez, otsailaren 13an; Mayte Martin, otsailaren 27an; David Palomar, martxoaren 13an, eta Cancanilla de Malaga, martxoaren 27an. Saioak larunbatetan izango dira, Jesus Ibañez de Matauco antzokian, Hegoalde gizarte etxean.

Kontzertu Handien Zikloak lau emanaldi eskainiko ditu, musika sinfonikoaren, interprete handien eta nazioartean proiekzioa lortu duten euskal musikarien aldeko apustu gisa. Lehen hitzordua otsailaren 20an izango da: Donostiako Orfeoiak Rossiniren meza txiki solemnea abestuko du, pianoaz eta klabeaz lagunduta. Martxoaren 6an, Il Gardellino Baroque Orchestra talde ospetsuak Bachen suiteak eta Brandenburgoko kontzertuak joko ditu. Apirilaren 23an, Alfonso Gomezek programa ausart eta berritzailea aurkeztuko du, Chopinen preludioetan oinarritua, Ramon Lazcano musikari handia eta Ensemble Cairn taldea lagun. Zikloa amaitzeko, beste proposamen bat berreskuratuko da, Camerata Irelandena: Barry Douglasen zuzendaritzapean, Beethoven, Mozart, Haydn eta Elgarren lanak eskainiko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide