Gasteizko emakumeen historia berreskuratuko dute ibilbide batean

Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 14:00
Maria de Maeztu pedagoga eta feminista hizpide izango dute ibilbidean. @FUNDACIONJOSEORTEGAYGASSET

Hezkuntza Zerbitzuak ibilbide historiko-artistiko berria prestatu du emakumeek hiriaren historiari egindako ekarpenaren balioa nabarmentzeko.

Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen ibilbidearen bitartez emakumeek Arabako hiriburuaren historiari egin dioten ekarpena nabarmendu nahi dute.

Gasteiz, hiri hezitzailea programaren barruko jarduera hau DBH, DBHO, eta HHIko ikasleei zein helduen taldeei zuzentzen zaie. Gida didaktikoa eta bideo bat ditu, eta horien bitartez, hiriko emakumeak non eta nola bizi ziren, eta zein zeregin eta ardura zituzten azaltzen da. Emakumeek urteetan zehar hainbat arlotan –politika, gizarte, arte eta ekonomian – izandako partaidetza azaltzen da.

"Ibilbide berri honekin emakumeek Gasteizko historiari egindako ekarpena onartu eta baloratu nahi dugu, gure hiriaren irakurketa historikoa hobetu, eta emakumeen errealitate ahaztu horren aurrean pentsamendu kritikoa sustatu, genero-berdintasunari dagokionez jarrera koherente eta aktiboa erraztuz", adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Historia gizonek idatzi eta kontatu dutela erakusten du materialak; gizonen ekarpena islatzen duela, emakumeak eta horien ekarpena ikusezin bihurtuz. Beste zenbait gai ere jorratzen ditu, esaterako, historia ofizialean goiko mailek duten gehiegizko ordezkaritza, antzinako emakume idealak eta rolak, emakumeek hezkuntzan eta zaintzan egindako ekarpena, eta gaur eguneko indarkeria eta genero-desberdintasuna.

Hauxe da proposatutako ibilbidea: Emakumeen Etxetik hasita, Santa Maria plaza, Eskoriatza-Eskibel jauregia, garai bateko Arte eta Lanbide Eskola, Montehermoso jauregia, Alava jauregia, San Pedro eliza, Errementari kalea, Buruileria plaza, Sokaren Etxea, udaletxea, Dato kalea eta Andre Maria Zuriaren plaza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide