Estitxu Ruiz de Arkaute

"Bakoitzak gauza desberdin bat esaten digu; ez dakigu zer pentsatu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko aza. 13a, 07:00
Aldaiaberri Gurasoen Elkarteko kidea da Estitxu Ruiz de Arkaute.

Hurrengo egunetan EAJrekin izango duten bileran Aldaialde ikastetxeari buruz zehaztasun gehiago izatea espero dute Zabalganeko familiek.

Zabalganeko ikasleek bosgarren ikasturtea hasi dute Mariturriko barrakoietan, Borinbizkarran eraiki behar den Aldaialde ikastetxearen eraikuntza behin eta berriz atzeratu ostean. EAJk "hurrengo hilabeteetan" lizitazioa argitaratuko dela ziurtatu du egunotan. "Epe guztiak ondo badoaz", 2021eko uda amaieran Aldaialdeko lanak hasiko lirateke. Aldaiaberri Guraso Elkarteko Estitxu Ruiz de Arkautek adierazi duenez, dagoeneko nekatuta daude, eta ez dakite zer pentsatu.

Urtea amaitu baino lehen argitaratuko omen da Aldaialde ikastetxearen lizitazioa.

Hori entzun diogu Ana Oregi zinegotziari, baina Eusko Legebiltzarrean esan dute "arazorik egon ezean" izango dela, eta ez dakigu zer pentsatu. Ez dute data zehatzik jartzen, urtero gabiltza horrela. Iaz ere data berdina eman ziguten eta ez zuten bete. Ematen du, urtetik urtera, data jartzeko ordua iristen denean atzeratzen dutela.

Promesa asko jaso dituzue, baina barrakoietan jarraitzen duzue; zein da gaurko egoera?

Iazko azaroan, Eusko Jaurlaritzak ikastetxearen lizitazioa argitaratzeko asmoa zuen, baina ikusi zuen Gasteizko Udalak emandako lizentziak ez ziola balio eta atzera bota zuen, Udalak beste berri bat egin arte. Eusko Jaurlaritzarekin bildu ziren orduan Aldaialdeko gurasoak, eta esan zieten joango zirela lizitazioa prestatzen atzerapen gehiago ez egoteko. Maiatzean, berriz, Udalak lizentzia berria aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen ezer esan. Iritsi ziren hauteskundeak, eta ikusita gaiak ez zuela aurrera egiten eta ez zutela informazio gehiago ematen, zarata egiten hasi ginen berriro.

Eusko Jaurlaritzak erantzun zuen orduan prozesua aurrera zihoala, eta laster lizitatuko zela. 

Hori uztailean gertatu zen, eta azaroan gaude eta ez dakigu ezer.

Zer urrats egin dituzue?

Gure helburua da Eusko Legebiltzarrean Hezkuntzako batzorde batean parte hartzea, eta horretarako alderdi politiko guztiekin egon gara, babesten gaituzten edo ez jakiteko alde batetik, eta informazio gehiago izateko beste alde batetik. Baina desesperatzeko modukoa da, bakoitzak gauza desberdin bat esaten digu, eta jada ez dakigu zer pentsatu. Aste honetan eskatu dugu Eusko Legebiltzarrean bilera bat EAJrekin, ea zerbait argitzen diguten horren inguruan.

Nola sentitzen zarete informazio nahaste horren aurrean?

Informazioa ere ez digute ematen. Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Gorka Urtaran bildu ziren duela aste gutxi Aldaialde ikastetxeari buruz hitz egiteko, eta ez digute azalpenik eman. Twitterren bitartez Urtaranek esan digun gauza bakarra izan da nobedadeak daudenean gurekin harremanetan jarriko direla eta azalduko digutela zer dagoen.

Nolako baldintzatan daude ikasleak Mariturriko barrakoietan?

Urtero sartzen ari da maila berri bat, beraz gero eta toki gutxiago dago eta gero eta ume gehiago. Hamazazpi gela eta 368 ume daude aurten, eta gainera, pandemiarekin askoz ere zailagoa da egoera barrakoietan. Sarrerak eta irteerak, esate baterako, oso korapilatsuak dira; nire kasuan alaba bat 09:00etan sartzen da eta bestea 09:30ean, eta egunero egon behar gara hogei minutu zain kalean. Bestalde, orain arte ere ez zegoen ebakuazio planik, tenperatura egokia lortzea barrakoietan oso zaila izaten da, batzuetan itoginak daude… Ez da egoteko modua. Haurrak etxetik gertu eraiki behar zuten ikastetxe batean matrikulatu genituen, eta lau bidai egin behar ditugu, egunero, bi kilometrora dauden barrakoi batzuetara eramateko. 

Atsekabetuta daude gurasoak?

Kezkatuta, eta alternatiba gutxi ikusten ditugu gainera. Batzuk esaten dute beste partzela bat bilatu beharko zela, baina ez dakigu partzelarik dagoen edo ez, eta zerotik hastea litzateke...  Gutxienez, orain proiektua eginda dago, egin behar dena da obrak hasi lehenbailehen.

Mobilizazio gehiago aurreikusten dituzue hurrengo egunetan?

Hitz egin behar dugu gure artean, dagoen egoerarekin eta dauden murrizketekin zaila delako mobilizazioak antolatzea, eta gainera jendea mobilizatzea ere zailagoa da orain, kontziliatzeko  arazoak daude eta jendea kezkatuta dago egoerarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide