Hirira itzuliko dira jazz uhinak

Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 16:59
Lara Vizuete urtarrilaren 26an izango da Jesus Guridi Kontserbatorioan.

Azaroaren 24tik 2021eko maiatzaren 18ra arte Jesus Guridi musika kontserbatorioan egingo da Jazz uhinak hirian barrena programaren XV. edizioa, Le retour du jazz lemapean.

Koronabirusaren eraginez, martxoan bertan behera utzi behar izan zuten Jazz Uhinak hirian barrena programaren XV. edizioa berreskuratuko dute eta zazpi kontzertu eskainiko dituzte azaroaren 24tik maiatzaren 18ra arte. Gasteiz, hiri hezitzailea programaren barruko zikloa da, Hezkuntza Zerbitzuak sustatu eta Jazzargia elkarteak antolatzen duena. Kontzertuak Jesus Guridi musika kontserbatorioan egingo dira, 19:00etan.

Jazzargiko kide Joseba Cabezasek azaldu duenez, Le retour du Jazz da 2020-21eko Jazz uhinak hirian barrena programaren lema. Azaroaren 24an hasiko dira kontzertuak; NoQuestion Peio Martinezen taldeak bere azken lana aurkeztuko du. Nafarroko Goi Mailako Kontserbatorioko Dani Dominguez, Dani Artetxe, Borja Etxeberria, Ion Dorregarai ikasleek eta Martinezek berak osatzen dute boskotea.

Hurrengo kontzertua abenduan izango da, 15ean hain zuzen. Andino Brother's mess taldea entzuteko aukera izango da; jatorri ezberdineko musikariak biltzen dituen seikotea da –Euskal Herria, Frantzia eta Hego Amerika–, eta bakoitzak bere konposizioak egiten ditu.

2021. urteko lehen kontzertua urtarrilaren 26an izango da. Horretan, Lara Vizuete arituko da. Miranda Ebron, Gasteizko kontserbatorioan eta Musikenen pianoa ikasi ondoren, egun Holandako Goi Mailako Kontserbatorioan musika masterra egiten ari da New Yorkeko jazzari buruz.

Otsailaren 23an, berriz, David Cid Quartet pianista gasteiztarra eta Perico Sambeat saxofonista izango dira Jesus Guridiko agertokian. Martxoaren 16an Iñigo Peña Quintet taldearen kontzertua izango da, eta azken emanaldia, apirilaren 20an egingo dute Luis Aranburu Musika Eskolako eta Jesus Guridi Kontserbatorioko konboek.

Ohorezko Makila

Halaber, maiatzaren 18an, zikloa amaitzeko ekitaldian, Ohorezko Makila emango zaio Ricard Miralles konpositor katalanari. Jazz arloan herri musikan hasi zen Miralles eta Tete Montoliu handiaren eragin zuzena jaso zuen. 1968tik Joan Manuel Serratekin pianoa jotzen du. Bestalde, 21 filmeko musika konposatu du eta hainbat grabaziotan ere parte hartu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide