Neguan kalean lo egiten duten pertsonentzako 20 leku prestatu ditu Udalak

Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 10:13

Bost leku eskainiko dira Aterpe gaueko zentroan. / GOOGLE MAPS

Neguan Ostatu emateko Baliabideak 20 leku prestatu ditu neguko egunik hotzenetan kalean lo egiten duten pertsonentzat. Leku horietako bost Aterpe gaueko zentroan eskainiko dira.

Urtero bezala, Gasteizko Udalak Neguan Ostatu emateko Baliabidea eskainiko du neguan, hilabete hotzenak iristen direnean kalean lo egiten duten pertsonei aterpe emateko. Negu honetarako 20 leku prestatu ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak, eta datorren ostegunetik aurrera erabili ahal izango dira; hau da, azaroaren 12tik aurrera.

Nobedade gisa, leku horietako bost Aterpe gaueko zentroan kokatuko dira, eta gainerakoak, ohi bezala, Harrera Sozialerako Udal Zentroan (CMAS).

Gaur egun, 10 pertsona kalean

Udalak jakinarazi duenez, etxerik gabekoei arreta ematen dien Hurbil taldeko hezitzaileen azken zenbaketaren arabera, gaur egun gutxienez profil horretako hamar pertsonak lo egiten dute Gasteizko kaleetan. "Beharrizan guztiak betetzeko eta baliabide horretan lekua emateko ahalmena dugu", azpimarratu du gizarte-zerbitzuen arduradun Jon Armentia zinegotziak.

Neguko Baliabideak 117 pertsonari eman zien arreta iaz, 2019ko azaroaren 13tik martxoaren 23ra bitartean; egun hartan, pandemiaren ondorioz, erabiltzaileak beste baliabide batzuetara lekualdatu zituzten; 2.075 erabilera erregistratu ziren zabalik egon zen 131 egunetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago