2021eko Auzo Eszena deialdian parte hartzeko epea zabalik

Erredakzioa 2020ko aza. 9a, 17:58
Zabalganeko gizarte etxeko ikuskizunen areto nagusia. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko antzerki talde zein artista ez profesionalek azaroaren 23ra arteko epea dute Auzo Eszena programaren 2021eko ediziorako proposamenak aurkezteko.

Astelehen honetan ireki da epea Gasteizko antzerki talde eta artista ez profesionalei zuzendutako Auzo Eszena programaren hurrengo deialdian parte hartzeko proposamenak aurkezteko, eta azaroaren 23ra arte luzatuko da. Hiriko gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan garatuko da antzerki programa, 2021eko negu-udaberriko eta udazkeneko denboraldietan; ikuskizun gehienak asteburuetan eta arratsaldez izango dira.

Proposamenak arte eszenikoen edozein alorretakoak izan daitezke: antzerkia, musika, dantza, bakarrizketak, magia, txotxongiloak... Proiektuak euskaraz nahiz gazteleraz egin ahalko dira, eta hartzaileak helduak, gazteak, haurrak zein familiak izan daitezke.

Talde tekniko batek aukeratuko ditu 2021eko Auzo Eszena programan parte hartuko duten artista eta taldeak, deialdiko baldintzak betetzen dituzten ikuskizunen artean. Ondoren, bi denboraldietako programazioaren lehen zirriborroa egingo du. Azkenik, hautatutako artista edo taldeekin koordinatu ondoren itxiko da programazioa, eta hainbat alderdi izango ditu kontuan: hartzaileak, hizkuntza, espazioak, ikuskizunen tipologia eta aniztasuna, besteak beste. Sarreren prezioa 3 eta 5 euro artekoa izango da.

Proiektuak eta agiriak herritarrei laguntzeko edozein bulegotan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke azaroaren 23ra bitartean.

"Kultura segurua da"

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak espazioak eta ekipamenduak eskaintzen ditu, eta, horrez gain, Auzo Eszenako zenbait lanetaz arduratzen da: adibidez, sarreren salmenta kudeatzeaz, ikuskizunen zabalkundea egiteaz, argiztapen zein soinu teknikarien gastuak ordaintzeaz, edota leihatilan bildutako dirua ordaintzeaz.

"Hemengo artisten ondoan egon nahi dugu, gaur inoiz baino gehiago. Pandemiaren ondorioz aldatu egin behar izan dugu gauzak egiteko modua, baina jarduerak programatzen jarraituko dugu, egoerak ahalbidetzen duen bitartean. Izan ere Kultura segurua da", adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide