Etxezarra Etxea izango da Euskaltzaindiaren egoitza Araban

Erredakzioa 2020ko aza. 6a, 11:55

Etxezarra Etxean izango da Euskaltzaindia. ZARATEMAN

Ariznabarra auzoan dagoen eraikinaren goiko pisuaren 25 urteko lagapena onartu du gaur Gasteizko Udalak.

Gasteizko Udalak Etxezarra Etxearen espazio zabal bat Euskaltzaindiari utziko dio, Arabako egoitza gisa 2021etik aurrera erabiltzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du Euskaltzaindiak bere lana egin eta hizkuntza zabaltzeko jarduerak eskaini ahal izateko gunea ematea. Lagapenak 25 urteko iraupena izango du eta doakoa izango da.

Udalak eta Euskaltzaindiak denbora zeramaten kokapen egoki bat aurkitzeko lanean. "Eta etxe hau, zalantzarik gabe, espazio ezin hobea da", azaldu du gaur goizean Gorka Urtaran alkateak. Espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan –behealdean jatetxea dago–. Espazio gardena izango da, hainbat eduki izango dituena: lanerako gune bat eta erabilera anitzeko bigarren gune bat –hitzaldiak, hedapen-jarduerak–.

"Euskal hiriburua gara eta euskararen hiriburua izan behar dugu. Alde horretatik, Euskaltzaindiak egoitza duina izatea garrantzitsua da. Eraikina Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortzen ditugu: batetik, orain arte hutsik zegoen eraikinari erabilera ematea, edukiz betez; eta, bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea", azaldu du Urtaranek. Datozen asteetan hitzarmen publiko bat sinatuko dute Udalak eta Euskaltzaindiak, eta bertan, egoitza berriaren inguruko xehetasun gehiago emango dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago