Koronabirusa

Maskara erraldoi bat jarri dute Gasteizko Katedral Berriaren aurrean

Erredakzioa 2020ko aza. 6a, 16:00

Gorka Urtaran alkatea BSafe enpresako arduradunekin. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak tamaina handiko maskara bat jarri du Katedral Berriaren aurrean, herritarrei babes neurri hori erabiltzeko beharra gogorarazteko.

Maskara Beti sentsibilizazio kanpainaren barruan, Gorka Urtaran alkatea BSafe enpresa gasteiztarreko zenbait langilerekin batera izan da ostegun honetan, Katedral Berriaren aurrean maskara erraldoi bat jartzen zuten bitartean.

Covid-19aren aurkako borrokan maskara erabiltzeko beharraz ohartarazi nahi du kanpainak, eta bi astez egongo da Sortzez Garbiaren Katedralaren aurrean, Magdalena kalearen eta Cadena y Eleta Apezpikuaren kalearen artean.

Maskara erraldoiak ia bi tonako pisua du, eta 3,9 bider 2,1 metro neurtzen du. Altzairuzko egitura baten gainean doa, zeinari prolipopilenozko hiru lokarri erantsi baitzaizkio. Azaleran, Maskara Beti leloa darama, beste kanpaina instituzional batzuetan bezala.

Tokiko enpresa

Herritarrak maskararen erabileraz kontzientziatzeko kanpaina horretarako, BSafe tokiko enpresa inplikatu izana eskertu du alkateak: "Pandemia azken aldiko historiako erronkarik handiena dugu, eta elkarrekin egin behar diogu aurre: erakundeak, antolakundeak, familiak, banakoak, eta enpresak, jakina".

"Ekarpen positibo bakoitza beste aurrerapauso bat da Covid-19aren kontrako borrokan. Eta, une honetan, koronabirusaren transmisioa eragozteko gomendioak behin eta berriro errepikatzea da ekarpenik onena", azpimarratu du Urtaranek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago