Zerbitzu publikoen alde eta kontrol sozialaren aurkako mobilizazioa deitu dute Gasteizen

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 12:55
Ertzaintza Andre Maria Zuriaren plazan, etxeratze-agindua kontrolatzeko lanetan. / ALEA

Gasteizko herri mugimenduko hainbat eragilek "kaleak hartzeko" deia egin dute. Kontrol sozial gutxiago, zerbitzu publiko gehiago lelopean eta hamar eskaera biltzen dituen aldarrikapen taula baten inguruan, larunbatean mobilizatuko dira.

Larunbat honetan, azaroaren 7an, 13:00etan elkarretaratzea deitu dute Gasteizko herri mugimenduko hainbat eragilek Andre Maria Zuriaren plazan, "osasuna, eskubide sozial eta politikoak, baliabide materialak eta kapitalak hartutako neurriak defendatzeko" helburuarekin.

Deitzaileek hamar aldarrikapen zehatz plazaratu dituzte Kontrol sozial- Zerbitzu publiko+: kapitalaren neurrien kontra, bizitzak defendatu lelopean, nagusiki zerbitzu publikoak indartzea eta biltzeko eskubidearen zein eta oinarrizko baliabideen bermea eskatzeko:

  1. Zerbitzu publikoak indartu: osasuna, hezkuntza, zaintza... baliabideez hornitu.
  2. Biltzeko eta antolatzeko eskubideak bermatu.
  3. Bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak bermatu: ura, argia, gasa eta etxebizitza.
  4. Etxegabetzeak, alokairuak eta hipotekak bertan behera gelditu.
  5. Lan baldintza duinak bermatu.
  6. Zaintza integral indibidual zein kolektiboari heldu.
  7. Isolamenduak dakarren indarkeria matxista eta LGTBfobikoari aurre egiteko baliabideak ezarri.
  8. Pertsona guztien erregularizazioa bermatu; atzerritartasun legea behin betirako baliogabetu.
  9. Erantzukizun eta ardura politikoak hartu; kriminalizazioa eten.
  10. Kontrol polizial eta soziala bertan behera utzi.

"Orain, inoiz baino gehiago, defentsa eta babes sare kolektiboak beharrezkoak dira bizi dugun pandemia ekonomiko, sanitario eta sozialari aurre egiteko", azpimarratu dute deialdi herrikoiaren antolatzaileek; horien artean, mugimendu feminista dago.

Azkenik, mobilizazioan parte hartzeko eta aldarrikapenekin bat egiteko dei egin diote Gasteizko gizarteari, eta mobilizazioan osasun neurriak bermatzeko baliabide guztiak jarriko dituztela azaldu dute. "Ezarri diren neurrien oinarria herriaren kontrola eta kriminalizazioa da; horren aurrean, prebentzio, osasun eta gizarte neurriak eskatzen ditugu. Har ditzagun kaleak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide