Greba SDA Factoryn, hitzarmenaren alde eta langile berrien diskriminazioaren aurka

Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 10:40
SDA Factory enpresako langileek 8 greba egunetako lehena egin dute. / ELA GASTEIZ

Zortzi greba egunetako lehena egin dute Gasteizko SDA Factory enpresako langileek. "Murrizketak egiteko asmoa" eta koronabirusaren kontrako plantxak ekoizteko kontratatutako langile berrien "diskriminazioa" salatu dituzte.

Plantxaen garapenaz eta fabrikazioaz arduratzen den SDA Factory enpresako langileen batzordeak deituta, langileek greba egin dute astearte honetan, azaroaren 3an. Ehari-Gobeoko industrialdeko Bitorialanda kaleko 14. zenbakian kokatutako lantegiko beharginek lanuztea egin dute goizeko lehen ordutik, eta egunean zehar hainbat mobilizazio egingo dituzte.

Greba hitzarmenaren negoziazioaren testuinguruan deitu dute, langileen ordezkarien arabera "enpresak diskriminazioa ezarri baitu eta murrizketak egiteko asmoari heldu baitio". Greba eta mobilizazio prozesu bati ekingo diote azaroan zehar: azaroaren 3an, 4an, 11n, 12an, 18an, 19an, 25ean eta 26an lanuzteak egingo dituzte, "langile guztientzako hitzarmen duin bat" aldarrikatzeko.

Enpresa batzordeak salatu du Eusko Jaurlaritzak sari bat eman berri diola SDAri. Izan ere, Global Innovation Day 2020 ekitaldiaren barruan, Covid-19a hiltzeko plantxa bat garatu izanagatik, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren aintzatespena jaso du enpresak. Horren atzean "enpresaren prekarietatea izkutatzen dela" diote langileek.

Kritikatu dutenez, plantxa horien produkzioa garatzeko, enpresak kontratatu dituen "langile berriak diskriminatu egiten dituzte, eskala bikoitza aplikatuz", soldatei eta lan baldintzei dagokienez. "Lan berdina, eskubide berdina eta baldintza berdinak", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide