Zaintza sistema "publiko eta duina" eskatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2020ko aza. 2a, 12:27

Zaintza publiko eta duinen aldeko mobilizazioa Gasteizen. / @EskubideenKarta

Asteburuan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako mobilizazioetan, adinekoen egoitzetako egoera kritikoa salatu dute ehunka senide, pentsiodun eta herritarrek. Araban ere, zaintza sistema "publiko eta duina" eskatu dute.

Manifestazio jendetsu batek Gasteizko kaleak zeharkatu zituen larunbat eguerdian, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburuetan eta beste 70 herritan bezala, adinekoen arretan "interes ekonomikoak eta langile falta" salatzeko.

Halaber, zaintzaren arloko politikak eraldatzea eta politika publikoen "erdigunean" jartzea eskatu dute: Kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa. Erresidentziak SOS, manifestazioaren buruan zihoan pankartaren leloan irakur zitekeen bezala. Egoitzetako zaintzaz ari dira, baina baita eguneko zentroetaz edota Etxeko Laguntza Zerbitzuaz ere.

Deialdia egoitza zein eguneko zentroetako erabiltzaileen senideen elkarteetatik —Araba eta Bizkaiko Babestu, Gipuzkoako Senideak, Irauli Zaintza bai eta pentsiodunen mugimendutik sortu bada ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ere bat egin du mobilizazioarekin, dozenaka gizarte eragilerekin batera.

Egoitzak, isolamendu zentro

"Aurrekontuaren murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak, langileen faltak, lan baldintzen prekarietateak eta administrazio eskudunek ikuskapen lanak uzteak zerbitzuen kalitatea hondatu dute", salatu dute deitzaileek. "Covid-19aren osasun krisiak agerian utzi ditu hutsune horiek; izan ere, egoitzak isolamendu zentro bihurtu dira, eta erabiltzaileen zein langileen eskubideak urratzen dira.

Bestalde, egoitzen itxierak "gure adinekoei benetako tratu txar instituzionala" ekarri diela ohartarazi dute. "Langileek eta erabiltzaileek, askotan, ez dute beharrezko prebentzio neurririk".

Besteak beste, egoitza zentroetako unitate soziogeriatrikoak eta soziosanitarioak derrigorrezkoak izatea eskatu dute. "Prozesu eta emaitza irizpide argiak dituen kalitatezko eredu bat eskatzen dugu, baita banakako arreta-planak ere; nahitaez bete beharrekoak, ez gomendioak".

Azkenik, etxean egiten den zaintza lana aitortzea eskatu dute, "neurri handi batean emakume etorkinek lan baldintza onartezinetan egiten dutena".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago