Gasteizko Irakurle Klubaren ikasturte berria martxan

Erredakzioa 2020ko urr. 26a, 13:00

Gasteizko Irakurle Klubaren beste ikasturte bateko irudia. / GEU ELKARTEA

Urrian, lau kultura programa hasiko dira Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, tartean GEU Elkartearen Gasteizko Irakurle Kluba. Lehenengo hitzordua urriaren 29an izango da, Karmele Jaioren Aitaren Etxea eleberria hizpide.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen 2020/2021 ikasturteko programazioa abian da, eta, urrian, bere ohiko kultura programetatik lau jarri ditu martxan. Besteak beste, Gasteizko Irakurle Kluba, Idazki irakurketa eta sormenezko idazketa lantegia, Hitzordua poesiarekin, eta botanikari buruzko lantegi bat izango ditu datozen hilabeteetan.

Horien artean, nabarmentzekoa da Gasteizko Irakurle Kluba, euskarazko lanak irakurtzeko lantegia. GEU Elkarteak antolatzen du, eta Iban Zaldua irakasle eta idazleak koordinatu eta dinamizatzen du. Programa urriaren 29an hasi eta uztailera arte luzatuko da; guztira, bederatzi hitzordu izango dira, hamar liburu aurkezteko:

  • Urriak 29: Aitaren Etxea, Karmele Jaio.
  • Azaroak 26: Aldibereko, Ingeborg Bachmann.
  • Abenduak 17: 17 segundu, Kirmen Uribe.
  • Urtarrilak 28: Moio, Kattalin Miner; eta Miñan, Ibrahima Balde eta Amets Arzallus.
  • Otsailak 25: Lardaska, Patricia Highsmith.
  • Martxoak 25: Iturria, Unai Elorriaga.
  • Apirilak 22: Hadji-Murat, Lev Tolstoi.
  • Maiatzak 27: Zaldi mamarroa, Ekaitz Goienetxea.
  • Uztailak 1: Kafe tristearen balada, Carson McCullers.

Jarduerak doakoak dira, baina eserlekuak mugatuak dira eta izena eman behar da irakurlekluba@geuelkartea.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Hitzordua poesiarekin

Ignacio Aldecoa Kultura Etxean 15 urte baino gehiagoko ibilbidea duen jarduera da Hitzordua poesiarekin. Bertako zein kanpoko poetekin errezitaldiak edo topaketak egiten dira, Angela Serna poetak antolatutako programa oinarri. Lehenengo hitzordua urriaren 23an izan zen, baina maiatzera arte luzatuko da:

  • Azaroak 20, 19:30: Matar poetas. Topaketa Juan Cobos Wilkinsekin.
  • Abenduak 18, 19:30: Algo más que poesía. Topaketa Itziar Rekalderekin eta Isabel Martinekin.
  • Urtarrilak 22, 19:30: Sueños de Lirios (poetas locos). Topaketa Oscar Ayalarekin.
  • Otsailak 26, 19:30: Paseo de invierno en Finlandia eta Cómo trabajar una duna. Topaketa Maria Jesus Silvarekin eta Esther Luciorekin.
  • Apirilaren 23an, goizean eta arratsaldean: Zeregin Taldeak antolaturiko poesia maratoia.
  • Maiatzak 21, 19:30: Ataviadas para el verso: Anne Sexton & Silvia Plath, Pilar Corcueraren eta Angela Sernaren eskutik.

Jarduerak doakoak dira, baina edukiera mugatua da. Gonbidapenak Kultura Etxean bertan banatuko dira, hitzorduaren aste bereko astelehenetik aurrera.

Botanikari buruzko lantegia

Gainera, urriaren 24an, 12:00etan, botanikari buruzko Floridaren  urteurren ospakizuna lantegia egingo da, 7 eta 10 urte bitarteko haurrentzat. Aldez aurretik eman behar da izena ccuinfantil@araba.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz.

Idazki, irakurketa eta idazketa lantegia

Azkenik, dagoeneko izena emateko lekurik ez dagoen arren, Kultura Etxeak Idazki irakurketa eta sormenezko idazketa lantegia antolatu du, eta urriaren 22tik dago martxan. Pilar Corcuerak koordinatzen du, eta ahozko zein idatzizko adierazpenarekiko interesa gozatu, sortu eta garatu nahi duten pertsonei espazio irudimentsu eta zabala eskaintzea du helburu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago