Hasi dira Ariznabarreko aparkaleku berriko obrak

Erredakzioa 2020ko urriaren 23a

Ariznabarreko adinekoentzako egoitzaren ondoan dago aparkalekua. / Gasteizko Udala

101 ibilgailu hartzeko lekua izango du 3.000 metro koadro inguruko aparkalekuak.

Aste honetan hasi dira Ariznabarra auzoko aparkaleku berriko lanak. 3.000 metro koadro inguruko aparkalekua izango da, 101 ibilgailu hartzeko lekua izango duena. 239.400 euroko aurrekontuarekin, Campezo Obras y Servicios-ek egingo ditu lanak, sei hilabetetan.

Fontetxako Gazteluaren kalearen, Kexaako Gazteluaren kalearen eta Arluzeako Gazteluaren kalearen arteko ekipamendu-lursailean egokituko dute aparkalekua, Ariznabarreko adinekoentzako egoitzaren ondoan. Gaur egun erabiltzen ez den 3.000 metro koadro inguruko espazio bat da. "Momentuz, hesiak ipini dira, lan etxolak ere. Eta lehenengo lanak ere hasi dira", azaldu du Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

101 aparkaleku izango ditu azpiegitura berriak, horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuentzat, eta beste lau ibilgailu elektrikoak kargatzeko —hasieran aldez aurreko instalazioa bakarrik utziko da eginda, aurrerago hirian zerbitzu hori zabaltzen duen enpresak kargatzeko zutoinak jartzerik izan dezan—. Era berean, sei leku izango dira motorrentzat. Gainera, Kexaako Gazteluaren kaleko lineako aparkalekuak bateriako izatera igaroko dira, merkataritza-establezimenduaren parean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago