EHUN

Eusko Legebiltzarra inguratu dute euskal errepublikaren alde

Erredakzioa 2020ko urr. 22a, 13:30
Eusko Legebiltzarra inguratu dute mobilizazioan. / @EHUNDUZ

Ehun mugimenduaren deialdiari jarraituz, dozenaka lagunek Eusko Legebiltzarra inguratu dute, marko autonomikoa arbuiatu eta "gaur eta hemen, euskal errepublika bat" eskatzeko.

Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak mobilizazio berezi bat iragarri zuen urria hasieran: hilaren 22an Eusko Legebiltzarra inguratzea, "benetako autogobernua, errepublika propio bat" aldarrikatzeko. Eta hala egin dute ostegun honetan Legebiltzarraren inguruan bildutako dozenaka lagunek.

EAEko Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenarekin kointzidituz, "Estatutuek eman zezaketen guztia" eman dutela adierazi dute Ainhoa Gutierrez eta Unai Apaolaza Ehun mugimenduko bozeramaileek, Nafarroako zein EAEko estatutuei buruz: "Denok dakigun moduan, marko autonomiko espainiarrak etorkizun ilunago bat besterik ezin digu eskaini. Bertan jarraituz gero, degeneratuz joango zaigun etorkizuna. Autonomia espainiarren mugak onartuz gero, zulora goaz, beraz".

"Orain dela 41 urteko matxinada giroan, sable zaratak lagun, burujabetza nahiari topea jartzeko sortu ziren, eta euskal herritarroi burujabetza emateko baino, euskal herritarrok burujabetza gehiago ez lortzeko giltzarrapo bezala pentsatu ziren", salatu dute. Horregatik, arbuiatu egin dute "benetako burujabetza giltzapetzeko kaiola".

"Gero eta burujabetza gehiago" aldarrikatu du Ehun mugimenduak. Izan ere, "eliteek gure ordez hartzen dituzten erabakien ondorioz, gero eta soldata baxuagoak, pentsio baxuagoak, osasungintza murritzagoa, hezkuntza kaskarragoa eta bizitza ez-duinagoak" baino ezin dela espero diote. "Ozen diogu, atzean dugun parlamentu horrek ez gaituela salbatuko, euskal herritarrontzat hondamendia dela. Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu. Gaur eta hemen, euskal errepublika bat behar dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide