Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Saileko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak Fokuan. Aterpea Mediterraneoan izenburuko jardunaldi monografikoak antolatuko ditu datorren asterako, Mediterraneoaren eremuko migrazioen gaia hainbat ikuspegitatik jorratzeko asmoz. Izan ere, Europaren migrazio politiken inguruan eztabaidatu eta gogoeta egiteko foroa izan nahi du zikloak, eta politika horien ondorioak jasaten dituztenei aurpegia jartzeko baliatu nahi da.
Europa Jauregian, proiekzio bat eta hiru hitzaldi egingo dira urriaren 26tik 28ra. Erakusketa, ordea, dagoeneko ikusgai dago Andre Maria Zuriaren plazan, azaroaren 8ra arte.
Hitzaldiak
Lehenengo saioa urriaren 26an izango da, 19:30ean: Carole Alfarah prentsa-argazkilariaren Gerraren gerizpean erakusketa ardatz. Alfarahek Siriako gerraren ondorioak erakutsiko ditu, esperientzia pertsonalean oinarrituta eta berak egindako erreportajeak baliatuz. Bereziki, Siriako errefuxiatuen esparruetan bizi direnen egoera lazgarriari begira dago, eta baita Europako gizarteetan integratzeko ahaleginean dihardutenei ere.
Ondoren, urriaren 27an, 19:30ean, Jesus Nuñez Villaverde ekonomista eta militar erretiratua izango da hizlari —Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Azterlanen Institutua (IECAH) erakundeko zuzendaritzako kidea—; Europar Batasunaren Mediterraneoko migrazio politika eta tragedia humanitarioaren azken orduko gorabeherak aztertuko ditu.
Azkenik, urriaren 28an, 20:00etan Nicolas Castellanoren hitzaldia izango da; SER irratiko kazetaria, migrazioei, lankidetzari eta garapenari buruzko edukietan espezializatuta dago. Hartzen dituzten herrialdeetan migratzaile eta errefuxiatuek bizi dituzten diskriminazio egoerak izango ditu hizpide, hedabideek fenomeno horren inguruko iritzi publikoa eratzeko orduan duten zeregin erabakigarriarekin batera.
Aurretik, 18:00etan, Fernando Santiagoren El Naufragio. 30 años de memoria sumergida (2018) dokumentalaren proiekzioa izango da.