Gasteizek izoztu egin ditu 2021eko zergak

Erredakzioa 2020ko urr. 21a, 18:30
2021eko ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu du Ogasun Batzordeak. / GASTEIZKO UDALA

Ogasun Batzordeak zerga eta tasak izoztea erabaki du 2021eko ordenantza fiskalen eztabaidan; ostiralean, udalbatzaren osoko bilkurak berretsi beharko du proposamena. EH Bilduk deitoratu du Urtaranen gobernuak "progresibotasuna arbuiatu" izana.

Asteazken honetan, 2021eko ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu da Gasteizko Ogasun Batzordean, eta zergak izoztea erabaki dute. Ostiralean udalbatzaren osoko bilkuran proposamena berresten bada, datorren urtean ez da igoerarik izango zerga, tasa eta prezio publikoetan; hala ere, baliteke kasu zehatz batzuetan aldaketak egitea.

Besteak beste, aurrera atera da udal gobernuak ibilgailuen zein eraikuntza, instalazio eta obren zergak izozteko proposamena. Horrez gain, ondasun higiezinen zergari, gainbalioaren zergari eta ekonomia jardueren zergari dagokienez, aurtengo ordenantzak luzatu egin dira datorren urterako, eta, beraz, praktikan, horiek ere izoztuta gelditu dira.

Industria-hondakinen inguruko akordioa

Eztabaidak ekarritako nobedadeen artean, tratamendu-plantetan hondakinak utzi eta tratatzeari dagozkien tasei buruzko akordioa nabarmendu da. Izan ere, industria-hondakin gutxiago sortzeko helburuarekin, igoerak datorren urtean iritsiko dira arlo horretan.

Hain zuzen ere, %4ko igoera izango dute Jundizko hiri-hondakin solidoen plantara iristen diren hondakinek; aldiz, Gardelegiko zabortegira iristen diren industria-hondakinen kasuan, igoera %26,5era iritsiko da.

Hobariak

Eztabaidan lortutako beste berrikuntza bat Luis Aranburu musika eskolako eta Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko tasei dagokie. Izan ere, bi eskola horien matrikularen prezioaren gainean %50eko hobari bat sartzea erabaki da, guraso bakarreko familien kasuan.

Gainera, tarifa berri bat sortu da bizikletentzako aparkaleku seguruen prezio publikoetan: egoiliarren urteko abonamendua 72,72 eurokoa izango da, eta egoiliarrentzat egokitutako aparkalekuetan bizikleta urte osoan aparkatzeko aukera emango du.

Bestalde, jabari publiko lokalaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa sortu da energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioetan. Diru-iturri berri horrekin 300.000 euro inguru jasotzea espero du Udalak.

%2ko igoera baztertuta

Datorren urteko zergen proiektuak ez du barne hartuko udal gobernuak 2022 eta 2023 urteetarako aurreikusitako tasa eta prezio publikoen %2ko igoera. Hala ere, Udalaren diru-sarreren eztabaidan "koherentziaz jokatzeko" eskatu du Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik: "Udal zerbitzuak mantendu nahi baditugu, diru-bilketa maila onargarri bati eutsi beharko diogu".

Gizarte Kontseiluak helarazitako planteamenduei dagokienez, Udal Ogasunarekiko zorren ordainketa zatikatzeko aukera izango da. Orain arte gehienez 24 hilabeteko epea zegoen finkatua Udalarekiko zerga-zorraren ordainketa zatikatzeko; datorren urtetik aurrera, berriz, 60 hilabetekoa izango da epe hori.

Iñaki Gurtubai zinegotzia Ogasun Batzordearen eztabaidan. / GASTEIZKO UDALA

 

Progresibotasuna

EH Bilduk deitoratu du Urtaranen gobernuak "Ordenantza Fiskalen progresibotasuna arbuiatu" izana. "Gobernuak errenta baxuenak dituzten pertsonei bizkarra eman die, eta murrizketak saihesteko diru-sarrerak handitzea eskatzen jarraituko dugu", deitoratu du Miren Larrionek.

Gaurko eztabaida saioan, EH Bilduk eskatu du urtero milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresei Ekonomia Jardueren gaineko Zerga progresiboki igotzea, "legeak ezarritako %2,2ra arte". Halaber, OHZri dagokionez, Eliza bere ondasunengatik zergapetzea eta bere etxebizitza hutsei errekargua ezartzea eskatu du ezker subiranistak.

Gainera, "errenta baxuenak babesteko" helburuarekin, EH Bilduk hobarien taula berri bat proposatu du OHZren ordainketan; baita 1.080 eurotik beherako errentak dituzten pentsiodunak babesteko 100 euroko muga ere.

"Etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten 1.691 pertsonetatik 1.622ri zerbitzuaren prezioa igotzea proposatu du Urtaranen gobernuak, pertsona bakoitzaren errenta edozein dela ere; hau da, zerbitzua jasotzen duten pertsonen %96ari oinarrizkoa zaion zerbitzuaren prezioa igoko zaio"; proposamena zuzentzeko eta bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide