Hasi da greba mugagabea Vithas San Jose ospitalean

Erredakzioa 2020ko urr. 21a, 10:00

Vithas San Jose ospitaleko langileen lehenengo greba egunak jarraipen zabala izan du astearte honetan. Plantillaren murrizketak eragindako lan gainkarga salatu dute; eta hitzarmena negoziatzea eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute.

Greba mugagabeari ekin diote Vithas San Jose ospitaleko langileek. Izan ere, enpresa batzordeak azaldu duenez, 2020ko hasieran baino 50 langile gutxiagorekin ari dira lanean, eta plantilla "gainezka" dago.

"Pandemia garaian ez ziren kontratuak berritu edo jendea kaleratu zuten. Gainera, zenbait langilek, Ospitalearen egoera ikusita, kontua eskatu eta alde egin dute", azaldu dute langileen ordezkariek. Duela hilabete batzuk hasi ziren protestak, eta, besteak beste, hitzarmen berri baten negoziazioa eskatu dute greba mugagabera iritsi baino lehen.

Abiatutako grebaren helburua "hitzarmenaren benetako negoziazioa lortzea eta lan baldintzak hobetzea" da.

Gutxieneko zerbitzuak

Grebaren "jarraipen zabala" nabarmendu badute ere, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, plazaratutako ohar bateratuan, salatu dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako "neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuek galarazi egin dietela langile batzuei greba eskubidea erabiltzea".

Gainera, sindikatuek kritikatu dute Jaurlaritzak greba hasi baino 9 ordu lehenago eman zuela gutxieneko zerbitzuen berri, "enpresaren esku utziz gutxieneko zerbitzu horien antolaketa guztia, langileen ordezkaritza kontuan izan gabe".

Vithas San Jose ospitalean askotariko langileak daude: ospitaleko langileak, kanpoko medikuak, laguntza-langileak, solairuetakoak, ebakuntza-gelakoak, administrariak eta larrialdietako langileak, besteak beste. Guztiek asanbladan adostu dute astearte honetan hasitako greba.

Berrantolatze plan orokorra

Vithaseko zuzendaritzak azaldu duenez, ospitaleak lan arloan "hartutako erabaki guztiak bere zerbitzu asistentzialen zerrenda berrantolatu, hobetu eta handitzeko plan orokor baten parte dira, ospitalearen eta bertako langileen jarraipena bermatzeko".

Halaber, 22 osasun-profesional kontratatzeko prozesua ireki duela ziurtatu du zuzendaritzak: 11 mediku espezialista, 9 erizain eta 2 erradio-diagnostiko teknikari. Gainera, pandemiaren ondorioz, osasun arloko langileen eskaria "gero eta handiagoa" dela ohartarazi du enpresak, eta horrek kontratazio horiek betetzea zailtzen duela uste du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide