Euskal zinegileen azken zazpi dokumental onenak, bertatik bertara

Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 19:00
'Muga deitzen da pausoa', Maider Oleagaren dokumentala. / VITAL FUNDAZIOA

Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen VI. edizioak euskal profesionalen dokumental onenen aukeraketa bat eskainiko du urriaren 26tik 30era Vital Fundazioa Kulturunean.

Datorren astean, urriaren 26tik 30era bitartean, lau film luze eta hiru film labur ikusi ahal izango dira Euskal Zinema Dokumentalaren VI. Astean. Ohi bezala, asteazkena, urriaren 28a, izango da film laburrei eskainitako eguna.

Egunero, astelehenetik ostiralera, 19:30ean hasiko dira emanaldiak Vital Fundazioa Kulturunean; sarrera doakoa izango da eta aretoaren edukiera bete arte izango da sartzeko aukera. Jardunaldiak dokumental bakoitzaren aurkezpenarekin hasiko dira; ondoren, emanaldia egingo da; eta, amaitzeko, ikusitakoari buruzko solasaldi-eztabaida bat egingo da.

Ikusleek dokumentalaren egileekin solasteko aukera bikaina izango dute. Izan ere, askotariko gai interesgarriak jorratzen dituzte aukeratutako lanek: gerrako errefuxiatuen drama, emigrazioa, historia pertsonalak, bidaiak, kartzela, euskara eta armen merkataritza, besteak beste.

"Gaurkotasunak eta kalitateak garrantzia eman diote zikloari". Horrela, lehen Euskal Zinemaren Astearen barruan kokatzen zen genero dokumentalari protagonismo berezia eman nahi dio Vital Fundazioak.

Euskal Zinema Dokumentalaren VI. Astearen aurkezpena. / VITAL FUNDAZIOA

 

Bost jardunaldi, zazpi lan

Awlad, hesiak gainditu (Ane Irazabal eta Cosimo Caridi, 2019)

 

Egitaraua astelehenean hasiko da, urriaren 26an, Ane Irazabalek eta Cosimo Caridik zuzendutako Awlad, hesiak gainditu dokumentalaren emanaldiarekin.

Mohamed, Aya, Hadi eta Muzhda jatorrizko herrialdeetako indarkeria atzean utzi duten lau haur errefuxiaturen bizitza kontatu dute dokumentalean. Euren bizitzaren norabideari berriz heltzeko toki seguru batera iristea helburu duen ihesaldi baten lau etapa islatzen dituzte. Haur horiek beren haurtzaroa aldarrikatzen dute, baina, batez ere, eskolara joateko eskubidea, eta normaltasuna berreskuratzeko zein gerran galdutako haurtzaroa berreraikitzeko borrokan ari dira.

Bai, bagara (Larraitz Zuazo, 2019)

 

Asteartean Larraitz Zuazoren Bai, bagara! lanaren txanda izango da. Iñaki Goirizelaiak euskal berezitasunerantz egindako bidaia erakusten du dokumental horrek. Euskaldunen balioak azalduko dira, AEBetara egindako emigrazio bereziaren testuinguruan. Gainera, road movie horren elementu komun batean elkartzen diren ekintzaileen dozenaka historia azaleratuko dira: euskaldunen izaeraren berezitasuna, "nor gara?" galderaren erantzunak aurkitu arte.

Film laburrak

Ohi bezala, asteazkena film laburren eguna izango da, eta hiru dokumental labur ikusteko aukera egongo da: Jorge Moneoren Orbainak; Josu Veneroren eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko; eta Raul de la Fuenteren Infernua.

Jorge Moneoren Orbainak dokumentalean, Osaba, Aita eta Semearen historia pertsonalek euskal imajinario kolektiboan lerro bat marrazten dute, orbain formako lerroa.

Artiko, Josu Veneroren eta Jesus Mari Lazkanoren istorioa, Ipar Poloko Svalbard artxipelagora egindako bidaia bati buruzkoa da.

 

Azkenik, Infernua/El Infierno, Raul de la Fuenteren lanak Sierra Leonako Chennuren historia kontatzen du: kaleko haurra zela eta hamabost urte zituela lehen delitua egin zuenetik, Pademba Road Freetowneko helduen kartzelako infernuan sartu zen arte; bertan, lau urte eman zituen preso.

Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga, 2018)

 

Laugarren eguneko protagonista Elvira Zipitriaren bizitzari buruzko Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa dokumentala izango da. Zipitria XX. mendeko euskal kulturaren eta politikaren figura garrantzitsua da, eta Francoren diktaduran euskarazko eskola klandestinoa sortu zuen.

Gerra hemen hasten da (Joseba Sanz, 2019)

 

Joseba Sanz zuzendariaren Gerra hemen hasten da lanaren eskutik amaituko da Euskal Zinema Dokumentalaren Astea, ostiralean. Lan horrek Ignacio Robles suhiltzaileak Bilboko portuan egindakoa gogoratzen du: Yemengo biztanleak sarraskitzeko Saudi Arabiara zihoan arma kargamentu batean parte hartzeari uko egin zion, eta merkataritza horren interes eta inplikazio ilunak argituko zituen mugimendu sozial bati hasiera eman zion.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide