San Frantzisko aldapa berriaren "oztopo arkitektonikoa" kritikatu dute bizilagunek

Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 13:20
Aiztogile kaleko sarrera, San Frantsizko aldaparen eraberritzearen ostean. / @KikeFdzdePinedo

Gasteiz Txiki eta Eginaren Eginez elkarteek salatu dute San Frantzisko aldaparen eraberritzeak "oztopo arkitektoniko berriak" sortu dituela; auzoko bizilagun zein bisitarientzako mugikortasun arazoak areagotu dituela uste dute.

Eraberritzearen ondorioz, besteak beste, Aiztogile kaleko sarrerako aldaparen "inklinazio-maila handia" kritikatu dute Alde Zaharreko bizilagunek. Harmailak "testuingurutik kanpo" daudela, "inolako zorroztasun arkitektoniko edo historikorik ez" dutela, eta eremu horretan erortzeko arriskua dagoela uste dute, "orain arte kaltegabea izan den igarobide batean".

Horrez gain, Arkupeetako harriek eta eskailera berriek inguruari "itxura hotz eta despertsonalizatua" ematen diotela deritzote.

Izan ere, azken egunetan auzotarren, merkatarien eta ostalarien protestak jaso ditu Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak: "Ez zaio auzoari galdetu, eta, beste behin ere, erreforma inposatu zaigu mugikortasun beharrei erantzun gabe eta auzo honetan bizi garenok gorde nahi dugun ingurune historikoa errespetatu gabe", deitoratu du auzo elkarteak.

Obrak berraztertu

Udalari eskatu diote berriz azter ditzala Aiztogile kalean Fariñasetik sartzeko egiten ari diren lanak, eta baita harmailen arriskuarentzako irtenbide bat ere: "Ez du inolako zentzurik igogailu bat eta eskailera mekaniko batzuk instalatzeak, gero aldapa batekin topo egiteko; ezin da gurpildun aulkiekin sartu, eta erorketa ugari eragingo ditu, bai neguan, bai edozein egun euritsutan", ohartarazi dute.

Halaber, "inguruarekin bat ez datozen" farolen instalazioa berraztertzea eskatu diote, haien ustez "inpaktu ikaragarria sortzen baitu, monumentu-multzoaren harmonia hautsiz".

Auzoaren oniritzia

Auzo elkarteak deitoratu du auzotarren, merkatarien eta ostalarien kexak ekidin zitezkeela "eraberritze-lanek auzoaren oniritzia izan balute, haien iritzia jaso izan balitz, ahalik eta adostasun handiena lortuz". Adibide gisa jarri dute Santa Maria plazako proiektua: "Herritarren parte-hartzea izan zuen, eta gaur egun auzotar guztiek onartzen dute".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide