Zabalganeko basoaren 4.000 metro karratu moztu dituztela salatu du Equo Berdeak-ek

Erredakzioa 2020ko urriaren 16a

Zabalganeko basoan egin duten mozketa erakutsi du Equo Berdeak taldeak. EQUO

Eraztun Berdearen kontserbazioa "lehenesteko" eta konpainia elektrikoak dorreak eta kableak kentzera behartzeko eskatu dio Gasteizko Udalari

Gasteizko Zabalganeko basoaren lau mila metro karratu "suntsitu" direla salatu du Equo Berdeak-ek; eta gogoratu du Zabalganekoa dela, Arabako Lautadan, antzinako erkameztien basoen kokagune bakanetakoa, eta Gasteizko udalerrian dagoen ekosistema horren azken eremu adierazgarria. "Ulertezina da Udalak jarduera honi argi berdea eman izana. Zuzenean ezagutzen du Zabalganeko basoaren egoera, eta, hala ere, nahiago izan du parkearen iparraldea desagertzea konpainia elektrikoekin alternatibak bilatzea baino", adierazi du alderdiak.

Zuhaitzen mozketa Zabalganeko parkearen ipar-mendebaldean egin dutela zehaztu du alderdiak, Zurrupitieta kalearen ondoan, kable elektriko bat jartzeko. "Kable elektrikoa pasatzeko alternatibak bilatu beharrean –desbideratzea edo lurperatzea, adibidez–, Udalak mozketa oldarkorrari argi berdea ematea erabaki du, Eraztun Berdean kalte konponezina eraginez". Equo Berdeak-en esanetan, Udalak elektrizitate konpainiak behartu beharko lituzke dorreak eta kableak interes naturaleko guneetatik kentzera, "horien kontserbazioa lehenetsiz ". 

Gainera, Udalak basoaren albo bateko zati handi bat mozteko baimena ere eman duela salatu dute, "eta horrek are larriagoa egiten du habitat horren zatiketa".

Zabalganeko basoa Eraztun Berde osoko parkerik hauskorrenetako bat dela gogoratu dute Equo Berdeek, Zadorratik eta Armentiatik oso isolatuta baitago, eta azpiegitura handiek inguratzen dutelako. "Ondorioz, oso zaila da lotura ekologikoa". Horregatik, basoaren kontserbazioa "egoera kritikoan" dagoela esan dute, "eta horrelako jarduerek basoaren desagerpena bizkortzea besterik ez dakarte". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago