Lan heriotzen "odolustea" salatu du Ernaik Gasteizen

Erredakzioa 2020ko urr. 15a, 16:30

2020. urtean gutxienez 52 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian; horietako bi duela astebete Lapuebla de Labarcako upategi batean. "Odolustea desnormalizatzeko" ekintza ikusgarri bat egin du Ernai gazte antolakundeak Gasteizen.

Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon aldi bereko ekintzak egin ditu ostegun honetan Ernaik, urtea hasi zenetik gutxienez 52 lan istripu hilgarri gertatu direla salatzeko. Araban, pasa den astean Lapuebla de Labarcako Espada Ojeda upategian hildako 53 eta 56 urteko bi langile izan dira azkenak.

Hildako langileak irudikatu eta euren buruak manta termikoekin estali dituzte ekintzan parte hartu duten 52 lagunek, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan; une berean, antzeko ekintzak egin ditu Ernai gazte antolakundeak Donostian, Iruñean eta Bilbon.

Horrez gain, otsailaren 7tik Joaquin Beltran desagerturik Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren ondorioz jarraitzen duela salatu dute.

"Egoera oso larria"

Ernaik plazaratutako oharrean, egoera "oso larria" dela ohartarazi du, 2019an hildako langileen kopurua gainditu dela kontuan hartuta: "Urtea amaitzeko hiruhileko oso bat geratzen da, eta azken hilabeteetan enplegu askotan egondako geldialdia kontuan izan behar da".

"Klase kapitalistaren eta merkatuen etengabeko irabazi nahiak langileen lan eta bizi baldintzak zeharo kaxkartu ditu", adierazi dute, eta patronalak zein erakunde publikoek lan heriotza horietan duten "erantzukizuna" azpimarratu dute. "Ekoizpen eredu kapitalistak langileok gure lan indarra saltzera behartzen gaitu, eta menpekotasun hau larrutik ordaintzen dugu".

Azkenik, "odolustea desnormalizatzeko" deia egin du Ernaik: "Kapitalismo patriarkalak ebazten duen lanaren antolaketa soziala eta honen parte-hartze eredu sozial eta politikoa iraultzea ezinbestekotzat jotzen dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide