Ezohikoa da pandemia garai honetan saltoki berriak irekitzen ikustea, baina Guuk —euskal telekomunikazio-zerbitzuen operadore berria— enpresak aste honetan bertan Gasteizko erdialdean izango duen lehen denda inauguratu du, Posta kaleko 20. zenbakian. "Bezeroei ahalik eta arretarik onena eta benetako konexioa eskaintzeko" ahalegina egin nahi du euskal telekomunikazio-konpainia berriak.
Arabako merkataritza-zentroetan dagoeneko dituen beste saltokiekin bat egingo du espazio berriak. Urte amaierarako, guztira 115 saltoki izatea espero dute. "Establezimendu berriak osasun protokolo zorrotza du, bezeroak eta langileak Covid-19tik babesteko", nabarmendu du Guuk-ek. Bezeroen eta langileen segurtasuna eta osasun protokoloen eraginkortasuna bermatzeko ASPYren ziurtagiria eskatu du enpresak; ziurtagiri horrek "Covid-19tik babestutako gune" gisa kalifikatzen ditu dendak.
Irekiera ekitaldian, Diego Martinez de San Vicente eta Patricia Garcia Gasteiz ON elkarteko presidentea eta kudeatzailea alboan izan dituzte Juanan Goñi Guuk-eko kontseilari delegatuak eta Paula Perez konpainiako merkataritza arduradunak. Martinez de San Vicentek ongietorria eman dio "tokian tokiko bokazioarekin jaio den telekomunikazio negozio berriari"; horrekin batera, "bizi ditugun une zail hauetan arrakasta handia" opa die.
5G teknologia
Urriaren 1ean, Guuk-ek 5G teknologiaren zerbitzu-probak egin zituen EAEko hiru hiriburuetan, "aparteko kosturik eragin gabe une bakoitzean teknologiarik onena eskaintzeko" asmoarekin. Izan ere, 5G sarera sartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da kontsumitzaileek berariazko gailuak izatea, eta horiek eskuragarri egongo dira Gasteiz erdialdeko denda berrian.
Guuk
Euskal telekomunikazio-zerbitzuen operadore berria da Guuk. Enpresaren aurkezpen-gutunaren arabera, "hemengoek eta hemengoentzat" sortu da, Euskal Herrian, eta "prezio justuak" eskaini nahi ditu. Gainera, bere zuntz optikozko eta mugikorreko telekomunikazio-sarearekin ia euskal lurralde osoa (%90 baino gehiago) hartzen duen tokiko operadore bakarra da.