Bikote bat atxilotu dute Zabalganan, ustez elkarri eraso egiteagatik

Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 16:00

Udaltzaingoak 32 urteko gizonezko eta emakumezko bana atxilotu zituen igandean Gasteizko Zabalgana auzoan, genero indarkeriaren eta etxeko indarkeria delituen hurrenez hurren ustezko egileak izateagatik.

Igandeko 7:30ean egindako dei batek Zabalgana auzoko etxebizitza batean "zarata, oihu eta irain handiak" entzun zitezkeela ohartarazi zuen.

Udaltzainak bertaratu zirenean, bikotekideek onartu zuten eztabaida izan zutela, eta "biek elkarri eraso" egin ziotela, polizia-iturrien arabera. Jasotako azalpenen eta lekukoen testigantzen ondorioz, bikotea atxilotu eta epailearen esku jarri zuen Udaltzaingoak.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Atxiloketa gehiago

Bestalde, astelehen goizean, 47 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, ustez urruntze-agindu bat hautsi izanaren delitu baten egile izateagatik.

Arratsaldean, berriz, udaltzainek 36 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia larriaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Gainera, 15:00etan, Burgos kaleko taberna batean bi gizonezko substantzia estupefazienteak kontsumitzen ari zirela zioen abisua jaso zuen Udaltzaingoak. Udalak plazaratutako oharraren arabera, biak musukorik gabe zeuden barruan, eta, ondorioz, musukoa janzteko eskatu zieten udaltzainek; haietako batek hala egin zuen arren, besteak ez zituen agindua bete, eta, ondorioz, atxilotu egin zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide