Auzo elkarteek 257 proposamen egin dizkiote hiri-antolamenduko plan orokorrari

Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 13:05
Hamabi auzo elkartek jasotako 257 proposamenak aurkezteko agerraldia. / GASTEIZ TXIKI

Hamabi auzo elkartek indarrak batu dituzte Gasteizko hiri-antolamenduko plan orokorrari 257 iradokizun eta alternatiba aurkezteko. Halaber, HAPOaren hasierako onarpena "urtea amaitu baino lehen" iristea eskatu dute.

Zabalgana Batuz, Errota Zaharra, Kaleartean, Hegoaldekoak, Erreka Txiki, Gasteiz Txiki, Okupatu Zure Bizitza, Judimendikoak, Zazpigarren Alaba, Aranako, Uribe Nogales eta Gure Auzune auzo elkarteek eman dute aurkeztutako proposamenen berri, astearte honetan Alde Zaharreko Gasteiz Txiki Auzo Elkartearen lokalean egindako agerraldi batean.

Gasteizko hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) aurrera doa, eta 240 pertsona inguru bildu dituzten batzarrak egin dira hiriko 12 auzo horietan, Udalaren proiektua eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko. Batzarretan jasotako aktez gain, idatzizko ekarpen ugari ere bildu dituzte auzo elkarteek.

Askotarikoak dira aurkeztutako 257 proposamenak gehienak auzo bakoitzarenak—, besteak beste: ekipamenduak auzoetan; bide-azpiegiturak; garraio publikoa; ingurumena; etxebizitza kopuruaren muga; bidegorriak eta bizikleten aparkalekuak handitzea; autoentzako disuasio-aparkalekuak; arkitektura-oztopoak kentzea; haurrentzako ekipamenduak handitzea; ikastetxeak dauden auzoetara irekitako patioak; auzoz auzo hutsik dauden etxebizitzak; telefonia mugikorreko antenen gaineko arauen kontrola; hutsik dauden lonjak erabiltzeko araudia; auzo eta parkeetako zuhaiztien azterketa, inausketa eta birjartze-aldiak; eta, azkenik, Tres Santos proiektua behin betiko ezabatzea.

Herri galdeketak

17 bloketan banatutako proposamenen artean, bi herri galdeketa eskatu dituzte auzo elkarteek: bat tranbiaren inguruan eta beste bat Abiadura Handiko Trenaren inguruan.

"Urtea amaitu baino lehen"

Gainera, beste bloke bat Gasteizko Udalbatzarrera joango da urriaren 23an, Lurralde Antolamendurako Batzordetik eta Planteamendurako Aholku Batzordetik pasa ostean: lizentziak eteteko eta HAPOren erreforma puntualak ezabatzeko proposamena. Izan ere, auzo elkarte horien arabera, erreforma horiek "udal gobernuaren interesen araberakoa" bihurtzen dute HAPOa.

Hortaz, hiri-antolamendurako plan orokorraren hasierako onarpena "urtea amaitu baino lehen" iristea eskatu dute. "Bitartean, hirian 10.800 etxebizitza huts daude, eta Udalak etxebizitza gehiago eraikitzeko lizentziak ematen jarraitzen du", salatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide