Armairuak Renove Planak 3.000 kilo arropa baino gehiago bildu ditu

Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 12:00

Arropa Arabako 44 dendatara eraman daiteke urriaren 31ra arte. / VITAL FUNDAZIOA

Martxan jarri zenetik 3.000 kilo arropa baino gehiago bildu ditu Armairuak Renove Planak. Vital Fundazioak eta Arabadendak elkarteak urriaren 31ra arte luzatu dute merkataritza dinamizatzeko kanpaina.

Vital Fundazioak eta Arabadendak - Gasteizko Merkataritza elkarteak, Caritas-Koopera eta Aldundiaren laguntzarekin, duela bi aste abiatutako Armairuak Renove Plana kanpainaren helburua etxeetan gordetzen den arropa berrerabiltzea, tokiko merkataritza dinamizatzea eta ingurumena zaintzea da.

Orain, lortutako arrakasta eta harrera ona ikusita, kanpaina urriaren 31ra arte luzatzea erabaki dute antolatzaileek; izan ere, 3.000 kilo arropa baino gehiago jaso dute irailaren 28an egitasmoa martxan jarri zenetik.

Etxeko armairuetan pilatutako arropa zaharra gainetik kendu eta berrerabiltzeko aukera eman nahi duten herritarrek 18 egun gehiago izango dituzte egitasmoan parte hartzen ari diren Arabako 44 dendatara hurbiltzeko eta erabiltzen ez duten arropa eramateko. Arropa kilo bakoitzeko euro bat jasoko du —gehienez, 25 kilo—, saltoki horretan bertan arropa berria erosteko txartel batean.

Egoera onean dauden arropak garbitu eta lisatu egingo dira, eta Caritas-Kooperaren esperientziari esker, bigarren bizitza bat izango dute. Egoera txarrean dauden arropak, ordea, desintegrazio tailer batera joango dira, ehunak birziklatzeko prozesu baten bidez lehengai berriak sortzeko.

Parte-hartzaileek jasotako diru hori Vital Fundazioak berak jarriko du, eta kupoiak azaroaren 30era arte trukatu ahal izango dira saltokietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago