7. urtemuga

Errekaleorrek bere urteurrena ospatuko du, Udalak hainbat hitzaldi debekatu arren

Erredakzioa 2020ko urr. 12a, 17:00
Errekaleor auzoa, airetik ikusita. / ERREKALEOR BIZIRIK

Aldaben jardunaldi batzuk egiteko baimena ukatu dio Gasteizko Udalak Errekaleorri, udal instalazioetan "delitu ekintza bat goraipatu" nahi dela argudiatuz. Errekaleor Bizirik kolektiboak egitarauari eutsiko dio, "zentsuraren gainetik".

Azkenik, Errekaleor Bizirik kolektiboak beste leku batean egingo ditu Gasteizko Udalak debekatutako jardunaldiak. Aldabe Gizarte Etxeko udal instalazioetan egitekoak ziren aste honetan zehazki, asteartean eta asteazkenean, abandonatutako auzoa 2013an okupatu zuteneko zazpigarren urteurrenaren testuinguruan.

Iragan ostiralean, Gasteizko Udalak baimena ukatu zien, aholkularitza juridikoaren txosten batean oinarrituz, "udal instalazioetan delitu ekintza bat goraipatzeagatik". Errekaleor Bizirikek, astelehen honetan plazaratutako ohar batean, egitaraua mantentzeko asmoa iragarri du, "Urtaranen zentsuraren gainetik".

Ohi bezala, kolektiboak elkarte baten bidez egin zuen aretoen erreserba. Ondoren, Borja Rodriguez zinegotziak (PSE) sinatutako eta Gorka Urtaran alkateak babestutako ebazpen baten bidez, Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeen Sailak jakinarazi zien ekintza horiek ez datozela bat "gizarte etxeen filosofiarekin", eta ezingo zirela gauzatu.

Jakinarazpena udal aholkularitza juridikoaren txosten batean oinarritu da. Izan ere, Udaleko legelari nagusiak sinatutako dokumentuaren arabera, "Espainiako Zigor Kodean zigortutako ekintza bat higiezinen okupazioa goraipatzen duten jarduerek ez dute lekurik gizarte etxeetan". Txostenak dioenez, espazio horiek "elkargune, informazio, prestakuntza, orientazio eta aisialdirako leku irekiak izan behar dira, diziplina anitzeko erabileraren bidez (...), aisialdirako ohitura osasungarriak sortzen eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduz".

"Zentsura"

Astelehen honetan Errekaleor Bizirik kolektiboak plazaratu duen oharrak "Urtaranen zentsura" salatu du; izan ere, udal gobernuaren "erabaki politiko bat" dela uste dute. Azaldu dutenez, 2020ko urrian, 7 urte bete ditu Errekaleor biziberritzeko proiektuak, eta hori ospatzeko hainbat hitzaldi eta ekintza antolatu dituzte asteartetik igandera bitartean.

Hitzaldi horietako bi Aldabe gizarte etxean antolatu zituzten, Harrizko Eguzkilore elkartearekin batera. Hala ere, "lehen hitzaldirako lau egunen faltan" jaso zuten udal gobernuaren debeku jakinarazpena. "Debekuaren argudioak administratiboak izan arren, okupazio mugimenduaren aurka martxan dagoen estrategiaren barruan" kokatu dute erabakia.

"Agerikoa da estatu mailan etengabeko bonbardaketa mediatikoa dagoela, okupazio mugimendua kriminalizatzeko helburuarekin", salatu dute, eta gogora ekarri dituzte, besteak beste, PP Gasteizen egiten ari den okupazioaren aurkako sinadura bilketa, konfinamendu garaiko Talka proiektuaren desalojo "ilegala", Olarizuko auzokideak jasaten ari diren "jazarpen poliziala", edo pasa den asteko "identifikazio masiboa" Gasteizko Gaztetxean.

Errekaleor auzoko bizilagunen ustez, "bizitzak zentroan jarri behar dira, eta askotan legalitatearen gainetik salto egin behar da injustiziak gainditzeko". Gainera, pandemia garaian "aurretiaz zetorren krisi ekonomikoa azaleratu" dela deritzote, eta "gizarteak bizi duen egoera jasangaitz honetan etxebizitzaren eskubideari irteera ematen dioten tresnei zilegitasuna kendu nahi diete, pertsonen bizi baldintza okerrera doan honetan".

Halaber, "Gasteizen 10.000 etxebizitza inguru hutsik dauden bitartean, instituzioen erantzuna arazo honi oztopoak jartzea besterik ez" dela kritikatu dute.

Egitarauarekin aurrera

"Errekaleorrek bizirik jarraituko du: indarrak antolatuz, herri mugimendua elikatuz eta injustiziaren mila aurpegiei erantzuna emanez", iragarri dute. Horrenbestez, zazpigarren urtemuga ospatzeko antolatutako egitaraua mantenduko dute, eta aste honetan aurreikusitako ekintza guztiei eutsi diete:

Debekatutako hitzaldiak beste Hala Bedi Tabernan eta Errekaleorren izango dira. / ERREKALEOR BIZIRIK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide