Arraun the Basque's World lehiaketako irabazleen lanak Oihanederren ikusgai

Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 18:00
Erakusketa urriaren 15etik azaroaren 1era izango da ikusgai. / OIHANEDER

Thais Buforn, Miren Otxoa, Aitor Salazar eta Egoitz Albizu izan dira Arraun the Basque's World argazki-hizki lehiaketaren irabazleak. Argazkien erakusketa egingo da Oihanederren urriaren 15etik azaroaren 1era.

Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu ohi duen argazki lehiaketaren aurtengo edizioa berezia izan da. Arraun the Basque's World izenburupean, Euskal Herria izan da argazkilarien begiradaren jomuga. Antolatzaileek azaldu dutenez, beste edizioetan baino lan gutxiago jaso dira, baina jasotako lanen kalitatea "handia eta anitza" izan da.

Orain, nekazal etxe batean asteburu bat igarotzeko aukera izango dute Thais Buforn Itsasoa urdina da, Miren Otxoa Gatz-aleak, Aitor Salazar Euskal argia Baionan eta Egoitz Albizu Argilunak irabazleek.

Lan irabazleak ikusteko erakusketa urriaren 15ean zabalduko da, eta azaroaren 1era arte izango da ikusgai Montehermoso kulturunean, Oihaneder Euskararen Etxeko Jovellanos aretoan. Gainera, irekiera eguneko 19:00etan egingo den aurkezpen ekitaldian, irabazleak egongo dira euren lanak aurkezten. Erakusketa 17 egunez egongo da ikusgai, astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 21:00etara.

20 argazki irabazleek eta horien azalpen testuek leku askotara eramango dute bisitaria: batzuk ezagunak Baiona, Gezaltza Añana, Bilbao, Donostia, Zumaia, Zarautz, Gaztelugatxe…, eta besteak pertsonalagoak giza gorputza, adibidez. "Zalantzarik gabe istorio guztiek irudimena alderik alde eramango dute, eta euskaldunen munduan barna bidaiatuko", azaldu du Oihanederrek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide