Artiumek hasiera eman dio udazkeneko erakusketa zikloari

Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 12:00
Ostegun honetan aurkeztuko da 'Moyra Davey. Lanak / Obras / Works' erakusketa. / ARTIUM

Urriaren 8tik 12ra bitartean, udazkeneko zikloari hasiera emango dio Artiumek; tartean, Europako museo batean egiten den Moyra Daveyren lehen erakusketa dago. Egun horietan, 11etatik 20etara zabalik egongo da, eta doakoa izango da sarrera.

Ostegun honetan, hilaren 8an, Moyra Davey. Lanak / Obras / Works erakusketaren aurkezpena eta irekiera egingo du Artium museoak; Europako museo batean egiten den Moyra Daveyren lehen erakusketa da. New Yorken bizi den artista kanadarrak Europako museo publiko batean egindako lehen erakusketa da. Daveyk argazkigintzaren, zinemaren eta idazketaren artean garatu du bere lana. Erakusketan bere film garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko dira, tartean bere azken ekoizpen I confess (2019).

Egun bereko 19:00etan, Ariketak baino gehiago, performanceak baino gutxiago ekintza artistikoaren txanda izango da. Cecile Brousse eta Izaro Ieregiren lanen jendaurreko praktikak, JAI Jardun Artistikoen Institutuaren ikasketa programa ikusarazteko proiektuari lotuta daude. Edukiera mugatua da, eta erreserba telefonoz egin daiteke, 945 20 90 20 zenbakira deituz.

Bestalde, ostiralean, urriaren 9an, JAI proiektuari eskainitako gunearen aurkezpena eta irekiera egingo da. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin elkarlanean, uztailean eta abuztuan Tabakalerako lantegietan egindako ikasketa-programak jarraipena izango du proposamen honekin: Akane Saraiva eta Antonio Menchen, Cecile Brousse, Charlotte Nordgren Sewell, Diego Diez, Izaro Ieregi, Ibon Landa, Jara Navarlaz, Mikel Escobales eta Rocio Agudo artistek parte hartuko dute.

Ibilbide tematiko gidatuak

Ziklo berriaren programa osatzeko, Lorategitik abiatutako ibilbide tematiko gidatuak egingo dira. Euskal Herrian iragan hurbileko eta gaur egungo artearen praktikaren hainbat alderdi ezagutzeko eta etorkizunari antzemateko aukera emateko. Horrez gain, bisita monografikoak ere egingo dira Moyra Daveyren eta Gema Intxaustiren erakusketetara.

Juncal Ballestinen obra

Gainera, Juncal Ballestin artistaren obra zaharberritzeko, zabaltzeko eta erakusteko proiektu berri bat jarriko du abian Artiumek. Izan ere, 2021ean, erakusketa monografiko bat eskainiko dio Ballestini, eta bertan haren ondareko artelanak eta bestelako objektuak erakutsiko dira. Juncal Ballestin. Bizitza ariketa gisa proiektua azaroaren 13an abiatuko da, lan horiek ikusteko bisita gidatuen programarekin eta artistaren ibilbideari lotutako pertsonekin egingo diren topaketekin. Horren guztiaren emaitza gisa, urtarrilean irekiko da erakusketa.

June Cresporen eskulturak

Abenduaren 4an, June Cresporen Helmets erakusketa irekiko da, haren ibilbideko lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitako beste lan sail batzuk bilduko dituena. Crespok eskultura lantzen du bere piezetan, gorputza eta horrek arkitekturarekin dituen harremanak lotzen dituen hizkuntza.

Maria Jose Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNEren Ojo Critico saria (2018), Botin Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta Gure Artea saria (2013) jaso ditu Crespok. Eta bere lanak Reina Sofia Museoaren eta Artium Museoaren bildumetan daude, besteak beste.

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan

Azkenik, abenduaren 18an, Komisario berriak 2020 deialdian aukeratutako Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketa irekiko du Artiumek. Proiektu hori Gasteizko Bideo Musikalen Jaialdian barneratzen da 80. hamarkadaren bigarren erdialdean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide