Estibaliz Agirreren 'Zomorro-mozorro' erakusketa, ARTgian ikusgai

Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 17:10
Estibaliz Agirrek bere lana aurkeztu du gaur ARTgian. ARTGIA

Aretoak ikasturtearen programazioari ekin dio, konfinamenduak atzeratutako erakusketekin.

Hainbat animaliaren eta intsekturen maskaraz estalitako lagunen aurpegiak irudikatutako zuri-beltzeko argazkiez osatutako obra da Estibaliz Agirre artista gasteiztarrak ARTgia aretora eraman duena. Zomorro-mozorro erakusketaren inaugurazioa urriaren 9an izango da, 20:00etan, Judimendi auzoan Irantzu Lekue artistak zuzentzen duen galerian.

2019ko edizioko EmART programan aukeratutako obra da Agirrerena, hain zuzen emakume sortzaileen ahalduntzera eta haien lana eta ekoizpena ikusaraztera bideratua dagoen ekimena.

Naturarekin lotura

Konfinamenduaren ondoren, artista gasteiztarrak "haize fresko ahokada" bat bilatu du naturan, etapa bati amaiera eman eta "udaberrian sortutako loturak agerian uzten dituena". "Naturarekiko loturak sendotzeko grinatsu eta aske sentitzen gara –esan du Agirrek–. Natura gure zaintzaile bezala ikusten dugu, aitzakiarik gabe besarkatzen gaituen ama, argitasun eta patxadaz pentsatzeko gure gune kuttuna. Bere koloreen, soinuen eta usain freskoen maitale sutsuak baikara orain".

Aurkeztu duen lanaren bidez, artistak naturarekiko lotura zalantzan jarri nahi izan du. "Geure kaiolaren barruan geratu gara, armiarma sare erraldoi batean geratu diren zomorroen antzera".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide