Gizon baten gorpua aurkitu dute Ariznabarra auzoan

Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 11:15

Ariznabarra auzoko Etxezarra parkean agertu da gorpua, trenbidetik gertu. / GOOGLE MAPS

Gorpua astelehen honetan aurkitu dute Ariznabarra auzoko Etxezarra parkean, trenbidetik gertuko sasi batzuen artean. 2019ko urrian desagertutako gasteiztar baten gorpua izan liteke, baina, oraingoz, Segurtasun Sailak ez du baieztatu.

Asteleheneko 13:30ak aldera, sastrakak kentzeko lanetan ari zirela, langile batzuek sasien artean gorpu bat aurkitu zuten, deskonposizio egoera aurreratuan. Duela urtebete desagertutako gasteiztar baten dokumentazioa zuen gainean, eta, Diario Noticias de Alava egunkariak argitaratu duenez, 2019ko urrian desagertutako S.G izan liteke. 43 urteko gasteiztarrak urtebete darama desagertuta, kafea hartzera irten eta itzuli ez zenetik.

Ertzaintzako hainbat patruila eta auzitegiko medikua bertaratu ziren, eta gorpua Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zuten, autopsia egiteko, heriotzaren inguruabarrak argitzeko eta heriotzaren arrazoi ofiziala zehazteko. Proba zientifiko bat ere egingo dute, zehazki, DNAren azterketa, hildakoaren nortasuna egiaztatu ahal izateko.

S.G 2019ko urriaren 4an ikusi zuten azkeneko aldiz. Orduan, bere familia hura aurkitzen saiatu zen, arrakastarik gabe; orduz geroztik, haren bilaketa sutsua hasi zuten. Urte osoan zehar, herritarren laguntza eskatu dute egunero, sare sozialen bidez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu egin du gorpu bat aurkitu dutela, baina, oraingoz, ez du baieztatu desagertutako gaztearena denik; hilotzaren deskonposizio egoerak ez baitu ahalbidetu ezaugarri fisikoak bereiztea. Halaber, Ertzaintzak baieztatu du ez dagoela kriminalitate zantzurik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide