Ehun mugimendua

Euskal errepublikaren alde Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu dute urriaren 22an

Erredakzioa 2020ko urriaren 5a

Ehun mugimenduaren agerraldia Gasteizen. / HALA BEDI

Ehun mugimenduak Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu du urriaren 22an, Gasteizen. "Hondoratze jarraitua saihesteko irtenbidea euskal errepublika da eta askatzeko unea iritsi da", aldarrikatu du mugimenduak.

Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak bere hurrengo mobilizazioa iragarri du urriaren 22rako: "Krisia herritarrok gobernagarri egiteko asmatu zuten gobernu forma berria" dela salatuz. "Osasun krisia, hezkuntza krisia, zaintzen krisia, krisi ekonomikoa, krisi klimatikoa, errefuxiatuen krisia, kulturaren krisia eta krisiak besterik ez".

"Espainian baino hobeto gaude" esaten duten mezuen aurrean, mesfidati agertu da mugimendua: "Autonomismoak eta sistema ekonomiko honek beti etorkizun okerrago bat hitzematen digute, beti okerragoa den etorkizun hurbil bat zerumugan".

"Espainiako 78ko Erregimenak, bere monarkia, bere marko autonomiko, bere krisi eta agintari, iruzurti, hitzontzi eta alfonbra saltzaileek, zentzu guztietan suposatzen duten hondoratze jarraituaren aurrean, gure gorputzak eta lurraldeak askatzeko unea iritsi da", aldarrikatu dute. "XXI. mende honek jota digu erronka, enpleguan, osasungintzan, hezkuntzan, hizkuntzan, zaintzetan, pentsioetan, elikaduran, energian... eta 40 urtez bete gabe luzatu diren esperimentu autonomikoek ez digute balio".

Urriaren 22ko eguerdiko hamabietan, "hemen eta orain, burujabetza" aldarrikatuko dute. Horretarako, Eusko Legebiltzarra inguratzeko deia zabaldu dute: "Benetako autogobernua, errepublika propio bat. Hondoratze jarraitua ala bizitza duina. Autonomiak ala Errepublika. Krisiak gure bizitzetatik erausteko tresna Euskal Errepublika dela aldarrikatzeko; gogoz eta bihotzez, jarri gaitezen martxan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago