Bermuta, bazkalondoa eta musika nagusi Hell Doradoren berrirekieran

Erredakzioa 2020ko urr. 2a, 18:30
Hell Dorado aretoaren barra. / KULTURALIVE.com

Larunbat honetatik aurrera, bere ateak irekiko ditu berriz ere Gasteizko zuzeneko musikaren tenplu Hell Dorado aretoak. Urrian zehar, kontzertuak eta antzerkia uztartuko ditu, eguerditik 22:00etara luzatuko diren jaialdietan.

Covid-19a dela eta, ia zazpi hilabetez itxita egon da Hell Dorado aretoa, baina bihar, urriak 3, berrekingo dio programazioari. Aretoaren kudeatzaile Juan Uriartek eta Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok batera aurkeztu dute urriko egitaraua; izan ere, aretoa berrirekitzen laguntzeko eta programa ahalbidetzeko, besteak beste, 15.000 euro jarriko ditu Udalak.

Oraingo egoerara moldatutako VST formatuarekin bermuta, bazkalondoa eta arratsaldeko poteoa, gaztelaniazko sigletan itzuliko da aretoa. Oreitiasoloko gune enblematikora hurbiltzen direnek zuzeneko musikako hiru saio eta beste emanaldi batzuk ikus eta entzun ahal izango dituzte. Horrekin batera, eskaintza gastronomikoak osatuko du eskaintza, eta janari furgonetak egongo dira handitutako terrazetan.

Programazio guztia osasun neurriak hartuz egingo da: "Egiaztatu da kultura dela espazio seguruenetako bat pandemia honetan", azpimarratu du Cantok.

Urriko programazioa

The Faithless eta Oneday taldeen kontzertuek eta Iñigo Salineroren El chino vasco ikuskizunak irekiko dute programazioa larunbat honetan bertan, urriaren 3an. Hurrengo asteaburuan, hilaren 10ean, Victimas Club eta Barriomania taldeek joko dute, eta Gorka Aguinagaldek A pelo bakarrizketa eskainiko du.

Arenna eta Lenoir & Mice musikariek girotuko dute hirugarren larunbata, urriaren 17an, Detritus Teatrus taldearen Levántate y mea de pie proposamen umoretsuarekin batera. Urriaren 24an, Los Misterios, Screamers & Sinners eta Negra Cucaracha terrorfolk taldeek hartuko dute lekukoa.

Urriaren 31ko Gau Beltzarekin batera, Siroko eta Trikoma taldeek errepikatzen duen Detritus Teatrus taldearekin partekatuko dute agertokia; azken horrek Confieso que he fingido lana eskainiko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide