Martxan da Gazte Klik Klak argazki eta bideo lehiaketaren edizio berria

Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 15:13
Gazte Klik Klak lehiaketaren aurkezpena ARTgia aretoan. / GAZTE KLIK KLAK

Gasteizko Udalak Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitaleko lehiaketaren edizio berria abiarazi du. Hiri-orbainak gai nagusi izango duen deialdia urriaren 17ra arte egongo da zabalik.

Arabako hiriburuan ikasi, lan edo bizi diren 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketak Hiri-orbainak gaia aukeratu du edizio berrirako, gazteek landu eta honen inguruan hausnartu dezaten.

"Kontzeptu zabala eta interpretazio anitzera irekita dagoen gaia da aurtengoa", azaldu dute antolatzaileek. "Hiri-orbainek hiria egituratzen dute, modu fisiko batean eraldatuz. Hiria erdibitzen duen trenbidea, kalean egiten diren obrak. Gure ohiturak aldatzen dituzten hiri-aldaketak dira, hain zuzen ere".

Lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek urriaren 17ra arte proiektuak aurkezteko aukera izango dute. Argazki lanak sortatan aurkeztuko dira, eta sorta bakoitza gutxienez 3 eta gehienez 5 argazkiz osatuta egongo da. Ikus-entzunezko proposamenak bideoz edo gif bizidunez egindako lan edo zirriborroak izan behar dira, eta gehienez 5 minutu iraungo dute.

"Lehiaketa bat baino gehiago da Gazte Klik Klak. Gasteizko gazteek argazkigintzarekin eta bideoarekin lehen harremana izateko, lurraldeko arte eta kultura esparruan sartzeko eta bertan bidea egiten hasteko aukera da", aldarrikatu dute.

Lau irabazle

Aurkeztutako proiektu guztien artean, lau saritu izango dira, eta abenduan erakusketa kolektibo batean parte hartzeko aukera izango dute. Horrekin batera, 300 euroko bono trukagarri bat jasoko dute argazkigintzako, ikus-entzunezko edo kulturako materiala erosteko.

Gazte horiek Tetrapack 2021 erakusketan parte hartzeko aukera ere izango dute. Bigarren atal horretan, komisariotza eta tutoretza programa bat egingo da, eta Photovoice teknikan haziko zaie irabazleei, argazkigintzako eta bideoko adituak diren hainbat artistaren tutoretzapean.

Emakume sortzaileak

Hiru emakume gazte, artista eta sortzaile izango dira 2020an eta 2021ean Gasteizko Udalak sustatutako lehiaketaren atzean: Irantzu Lekue, Judimendi auzoko ARTgia Sorgune & Aretoko sortzaile eta zuzendaria, eta Alazne Payueta eta Sara Berasaluce argazkilariak. Oraingoan, ez dira eurak izango euren proiektuak aurkeztuko dituztenak, baizik eta programan parte hartzen duten gazteei harrera egin eta lagunduko dietenak.

"Emozioz eta gogoz betetako proiektua da guretzat, artista eta kultur profesional gisa. Konfinamendu garaian pentsatu eta diseinatu zen proiektua, eta gutxinaka ideia gauzatzen joan da. Konturatu garenerako, lehiaketaren kartelak ikusi ditugu itsatsita hirian", dio Sara Berasalucek, 2011n lehiaketa beraren parte hartzailea izan zena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide